Joan den apirilean estreinatu zen La linea invisible (Marra ikusezina) telesaila; sei atal guztira, Movistar telefonia-operadoreak ekoitzita (lehenengoa hementxe ikusgai). Mariano Barroso zuzendari prestigiotsuak zuzendu du eta gure historia hurreko pasarte garrantzitsu bat du kontagai: ETAren V. Biltzarra; bertan erakundeko kideek indarkeria erabiltzea erabaki zuten (bortxa ere esan liteke, segun nondik begiratzen diogun).
Gustura ikusten da telesaila. Castinga, antzezpenak, girotzea, irazkia, errealizazioa, argazkia bikain gauzatuta daude; bestetik, gure inguruetako hainbat hiri, herri, bide eta mendi agertzen dira zoragarri filmatuta 60ko hamarkadan bageunde bezala. Akastxo bat baino ez dut topatu: ikuspuntua.
Azken hau ageriko kontua da, baita erakunde armatuaren maitale izan ez garenontzat ere. Izan ere, protagonistetako baten offeko ahots batek hasi eta bukatu egiten du telesaila; bertan, telesailaren mezua laburbiltzen da izenburuak erreferentzia egiten dion ideiari oratzeko: “Madarikatua izan dadila bortxakeria erabiltzea (marra ikusezina gainditzea) deliberatu genuen eguna!
Alde bakarrera begiratzen dion mezu horrek (biek ala biek bortxa erabili badute, zergatik egiten ote zaio erreferentzia ideologia bati baino ez?), normalean, ez du edukitzen inongo presentziarik indarkeria (nahiz bortxa) agertzen duten bestelako telesail eta filmetan; orduan, zergatik honetan bai? Bob Dylanek erantzungo luke, seguruenik, erantzuna haizean dabilela; Ixa jaunak, ordea, halaxe behar duela.
Honelakoak dira, besteak beste, geure iraganari buruzko ikus-entzunezko fikziozko sorkuntza guk ez beste batzuek egitearen ondorioak; uda ostean, Patria estreinatuko du HBO ekoiztetxe iparramerikar itzaltsuak ere.
Alabaina, begi kritiko horrekin bada ere (eta besterik ezean), guztiz gomendagarria da La línea invisible.