Ikus-entzunezko narratiba berrien bilaketa bultzatzen duen Bideotik programaren edizio berri baterako deialdia zabaldu berri du Bilboko Azkuna Zentroak. Ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean aurkez daitezke lanak.

Espresio-bideoaren inguruko lanak garatzeko ikus-entzunezkoak erabiltzen dituzten artistei eta bideo-sortzaileei zuzendu diote Bideotik 2021 deialdia, eta izaera esperimental berezia duten sorkuntza lanak galdegin dituzte. Baldintza hori betetzeko, ikus-entzunezko lexikoa beste modu batzuen bitartez erregistratu eta aurkeztu behako dute proiektuek.

Horrez gain, 2018tik aurrera sortutako lanak izan beharko dute, errealitatearen zinemari buruzkoak (fikziozkoak ez direnak, alegia),  ikuspegi estetikotik eta praktika garaikidetik garatutakoak, eta feminismotik, dibertsitatetik, zein arlo sozialetik hurbil dauden narratiba berrietatik idatzitakoak.

Parte hartzeko, Festhome plataformaren bidez izena eman daiteke, eta baita mezu elektroniko bat idatziz ere deialdiak@azkunazentroa.eus  helbidera. Proiektuak aurkezteko azken eguna 2020ko irailaren 30a da.

Proiektuaren koordinatzaileek eta Azkuna Zentroko talde artistikoak osatutako balioespen batzordea arduratuko da aurkeztutako proiektuak balioesteaz. Deialdira aurkeztutako proposamenekin osatutako hautaketa berezi bat sortuko dute, eta 2021eko otsailean eta martxoan proiektatuko da Bideotik programaren barruan, Bilboko Azkuna Zentroan.

Deialdiko oinarriak eta informazio guztia, hemen.