Film berrien garapen prozesuan dauden zinemagileekin egindako elkarrizketa saioa estreinatuko dute gaur Tabakalerak eta Elias Querejeta Zine Eskolak, 19:00etan. Podcast bidezko solasaldiak izango dira, eta Javier Rebollo zuzendari bilbotarra izango da lehen gonbidatua.

Zinegileek zuzendutako bi filmen arteko denboran zer gertatzen da? Nola idatzi gidoi bat? Zein irudi edota soinuk pizten die sortzaileei berriz ere errodajeetan aritzeko nahia? Nola prestatzen dira lokalizazioak? Galdera horiei eta gehiagori erantzuna eman nahian sortu dute Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta EQZEk ETORKIZUNA izeneko podcast saioa. 

KONTATUTAKO ZINEA atala zinegileek estreinatu berri duten filmari (eta sorkuntza-prozesuari) buruz hitz egiteko tartea bada, ETORKIZUNA sailak bestelako helburu bat dauka, eta denboran egindako bidaia oinarri hartuz, “oraindik sortu ez diren baina jada imajinatzen has gaitezkeen filma, irudiak eta soinuak” izango dira elkarrizketetarako gai: “aurretiko une hori interesatzen zaigu, hauskorragoa, malguagoa den une hori, non filmaren aukera guztiak irekita dauden eta gero pantailan ikusiko duguna zehaztuko duten erabakiak hartzen diren”.

Hilabetean podcast saio bat eskainiko dute Tabakalerak ahalbidetu duen online atarian, koronabirusagatik aurrez aurreko solasaldiak egiteko bermea egon arte. Lehenengo gonbidatua Javier Rebollo zuzendari bilbotarra izango da, eta 19:00etan ekingo diote gaur bertan.