Rifkin’s Festival Woody Allenek Donostian errodatutako film berriak emango dio hasiera, datorren irailaren 18an, Donostia Zinemaldiaren 68. Edizioari. Lanaren mundu estreinaldia izango da, eta lehiaketatik kanpo programatutako emanaldi berezi baten izaera izango du.

2020ko aurkezpen bereziarekin, bigarrenez zabalduko du Allenek Donostia Zinemaldia; 2004an, Melinda and Melinda lanarekin ere hala egin zuen. Urte hartan, Zinemaldiak Donostia Saria eman zion, eta Zuzendariaren obraren atzera begirakoa antolatu zuen: Woody Allen ezagutu.

 New Yorkeko zinemagilea eta jaialdiaren arteko harremana, ordea, askoz lehenago hasi zen: 1970eko hamarkadaren amaieran, hain zuzen. Garai hartan Sail Ofizialean, lehiaz kanpo, zein gainerako sailetan zinemagilearen filmak eman ziren: Manhattan (1979), Zelig (1983) eta Manhattan Murder Mistery (1993). Besteak beste, 1985ean, The Purple Rose of Cairo filmarekin inauguratu zuten Zabaltegi sortu berria. Azken urteetan, bere filmetako batzuk eman dira Perlak sailean: Match Point (2005), Vicky Cristina Barcelona (2008), Whatever Works (2009) eta Irrational Man (2015).

Donostian bertan errodatutako Rifkin’s Festival filmaren aurkezpena izango da oraingo honetan bisitaren arrazoia. 2019ko udan filmatu zuen, Donostian eta Gipuzkoako beste herri batzuetan, eta zinema jaialdia izango du eszenatoki.  Donostia Zinemaldira joango den bikote ezkondu estatubatuar baten istorioa kontatzen du: senar-emazteak liluratuta geratuko dira zinema-jaialdiarekin, hiriaren edertasun eta xarmarekin eta zinemaren munduaren fantasiarekin. Emakumezkoak maitasun istorio bat izango du frantses zinemagile arrakastatsu batekin, eta gizona Donostian bizi den emakume batekin maiteminduko da. Allenek berak azaldutakoaren arabera, jaialdira etorri zeneko bizipenetan oinarrituta dago istorioa.

Elena Anaya, Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi López , Wallace Shawn  eta Christoph Waltz izango ditu protagonista, eta The Mediapro Studio eta Gravier Productions ekoiztetxeak izan ditu bidelagun. 2020ko udazkenean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan. Tripicutres banatzaile independenteak izango du zuzendari estatubatuarraren 51. pelikula zabaltzearen ardura, laugarrenez.