Oihaneder Euskararen Etxeak 2020ko udarako prestatu duen egitarauaren berri eman du. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz lau hilabetetako etenaldia izan du Gasteizko zentroak eta martxari berrekiteko Udatea, egarria asetzeko kultur edatea izeneko urtaroko programazio berezia eskainiko du. Ikus-entzunezkoei dagokienez, musikari buruzko filmak eta Erroak dokumentalaren trailerra proiektatuko dituzte.

Martxoaren 4an egin zuten aurrez aurreko azken jarduera, eta ordutik, sare sozialetan euskal kultura ardatz izan duten lehiaketak eta ekimenak proposatzen aritu dira. Pixkanaka-pixkanaka, baina, COVID-19 birusaren garapenean ezarritako normaltasun berrirako bidea jarraitu dute erakunde, zentro eta egoitza gehienek, eta horien artean, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak ere hasi du egokitzapen prozesua. 

Lau hilabetez geldi egon ostean, ekaina bukaeran abiaraziko duten udako egitaraua iragarri dute, aurreko urteetako jarduerak berreskuratuz eta kultura herritarrengana hurbilduz. Segurtasun-neurriak errespetatu eta argibideak momentuan bertan jakinaraziko dituzte, “jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen”.

Ikus-entzunezko eskaintzari dagokionez, Kortxeak & Krispetak zikloaren edizio berriak ospatuko dute uztaileko asteazken guztietan. 19:00etan, erreferentzia izan diren musikariei buruzko dokumentalak proiektatuko dituzte kulturguneko Ortuño aretoan. 

Bestalde, Batera: kultur proiektuak elkarrekin diru-laguntza deialdia ixteko momentua izango da. Besteak beste, Erroak dokumentalaren trailera estreinatuko dute ekainaren 30ean (asteartea), 19:00etan, Ortuño aretoan. Bertan izango dira Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata sortzaileak lana aurkezten.

Guztira sei arlotan banatu dituzte jarduerak, eta ikus-entzunezkoez gain, lehiaketak, deialdiak, kontzertuak, antzezlanak eta familia jarduerak jasoko ditu Udatea, egarria asetzeko kultur edatea programak. Ekintza guztiak doan izango dira, baina edukiera mugatua izango dute. Hala,  bertaratu nahi dutenek gonbidapena aldez aurretik hartu beharko dute Oihaneder Euskararen Etxearen webgunean. 

Informazio gehiago, hemen.