Larrotxene Bideo ikastaro sortako ikasle zein irakasleek eta ikus-entzunezko hainbat gazte profesionalek osatutako taldeak ekainaren 29an ekingo dio Maria Fontan zinemagilearen Zerua hautsi zen gaua film laburraren errodajeari. Oihua! sorkuntza ekimenaren irabazle izendatu zuten iragan otsailean gidoia, eta uztailaren 1era bitartean Oiartzunen ariko dira irudiak hartzen.

Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Gazteak aurrera eramandako egitasmoa da, eta euskaraz sortutako fantasiazko generoa bultzatzea du helburu. 35 urte bitarteko zinemagile gazte hasiberriei dago eskainita, eta lehen edizio honetan, 39 gaztek sortutako 42 gidoi jaso dituzte. Irabazlea Maria Fontanen Zerua hautsi zen gaua lana izan da, eta 7000 euro inguruko laguntza jaso du Gipuzkoan filmatzeko.

Sorkuntzaren aurre-ekoizpena Larrotxene Bideo eskola egiteko aukera izan du Fontanek martxoaz geroztik Paul Urkijo zinegilearen aholkularitzapean, eta ekainaren 29an hasiko du errodajea eskolako ikasle zein irakasleek zein ikus-entzunezko hainbat gazte profesionalek osatutako taldearen laguntzaz. Guztira 25 bat lagun ariko dira uztailaren 1era bitartean grabaketa-lanetan, Oiartzunen, eta uda hurrengo asteetan egingo dute postprodukzioa.

Film laburra Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren asteko 2020ko edizioan aurkezteko asmoarekin egingo dute, eta Fontan kredituetan agertzeaz gain, 300 euroko saria eta egile-eskubideak jasoko ditu sortzaileak.