Talking About Trees (Suhaib Gasmelbari, 2019) film sudandarra egongo da ikusgai gaur, 19:00etan, Tabakaleran. Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak atondutako ‘Eskolatik’ zikloaren parte da saioa, eta EQZEko komisarioen espezializazioko hiru ikastek programatu dute.
Sudanen zinema zahar bat berpizteko ahaleginean, lau lagunek gainditu ezingo duten erresistentziarekin egingo dute topo Talking About Trees filmean. Ikusleek bozkatutako dokumental onenaren saria eskuratu zuen 2019ko Berlinale zinema jaialdian, eta gaur Elías Querejeta Zine Eskolakko Eskolatik programaren baitan proiektatuko dute.
Hilabetean behin, eskolako ikasleek saio bat antolatzen dute Tabakaleran, beren ikasketa-programekin, zinemagileak izanik egindako lanarekin eta praktika zinematografikoaren askotariko espezialitateei (artxiboa, komisariotza eta sorkuntza) buruz dauzkaten galderekin lotutako filmak aurkezteko. Ekaineko saioa Daniela Delgadok, Irati Crespok eta Astrid Villanuevak prestatutakoa izango da, komisariotza espezialitateko ikasleena.
Emanaldia 19:00etan izango da, eta sarrera bakoitzak 3,5 euro balio ditu. Segurtasun protokoloei erreparatuta, erabiltzaileei sarrerak aldez aurretik eta online erostea eskatuko zaie. Ikusleek aurrez aukeratu beharko dute eserleku-lerroa, eta areto zainen laguntza izango dute eserlekua bilatzeko. Halaber, aretoa filma hasi baino 30 minutu lehenago zabalduko dute, ilarak ekidin eta ikusleak lasaitasunez eta modu seguruan artatzeko.