Zuzendaria: Xavier Dolan
Urtea: 2019
Herrialdea: Kanada

-Dolanen hogeita hamarrak-

Bueltan dira, gutxika-gutxika, zinema aretoak. Bueltan dira, beraz, eserlekurik onena aukeratzeko estrategia eta maniak eta ilara estuetan zehar ematen diren pauso traketsak, alde batera eta bestera “barkatu, barkatu” marmartzen ematen ditugunak.  Itzuli dira trailer amaiezinak eta aretotik atera ahala loditzen den isiltasuna, baloraziozko lehen hitzak nork esango dituen esperoan.  Krispetak eta maskarak bateragarri nola bihurtu oraindik hausnartzear badugu ere, hemen da berriz zinemara bertaratzearen erritual txikia.

Eta, buelta honetarako, zer konpainia desiragarriagorik eztanda egiten duten obretara ohitua gaituen sortzailea baino? Zinemaren munduak hazten ikusi duen Xavier Dolanez ari naiz mintzo, noski. 19 urterekin bere lehen filma aurkeztu zuenetik  (J’ai tué ma mère, 2011) estreinaldi bakoitzean zirrara piztu izan du kanadiarrak. Gaur, 31 urte jada bete dituelarik, enfant kategoria txikia geratu bazaio ere, terribletik asko dauka oraindik eskaintzeko. Hala berretsi izan du Matthias & Maxime bere azken filmarekin, ekainaren 19tik zineman ikusgai dagoena.

Lagunarteko apustu bat dela medio, ikus-entzunezko proiektu txikian antzeztera bultzatuak izango dira Matthias eta Maxime denbora askoko lagunak. Gidoiaren eskakizunak direla-eta, kamera aurrean elkar musukatu beharko dute. Bi lagunengan sakonki errotutako zalantzak ekarriko ditu azalera musuak, bi-bien bizitzen egonkortasuna kolokan jarriz. Haien baitan korapilo bat askatzen dute bai Matthias zein Maximek musukatzen diren egun hartan. Lotu gabeko lokarriekin ibiltzea ordea, ez da batere erraza.

J’ai tué ma mère (2009), Les amours imaginaires (2010) eta Tom à la ferme (2013) bere beste obretan bezala, protagonistaren papera bere buruarentzat gorde du, oraingoan ere, Dolanek: Maxime bakegilearen papera antzezten du Gabriel D’Almeidaren (Matthias) alboan. Kutsu sentimentalista da nagusi filmean zehar, argumentuan aldaera gehiegirik gabe, bi pertsonaien ezinegona harrapatzeko pentsatua. Zuzendariaren ikur bihurtu diren muntaketa azkarra, eztabaida zaratatsuak eta plano zainduak ez dute, ordea, ondo funtzionatzen oraingo honetan. Nahita bilatutako dramatismoa gehiegizkoa bihurtzen da eta ikuslea istorioan sartzea zaildu egiten du.

Filmak zenbait irudi gogoangarri uzten baditu ere, horiek ez dira nahikoak Dolanek eraiki nahi duen belaunaldi baten erretratua sostengatzeko. Eszena benetan bortitzek indarra galtzen dute, batzuetan zentzugabea dirudien etengabeko tentsio sentimentalaren aurrea. Era berean, esanguratsuak gerta daitezen, zenbait pertsonaien izaera muturrera eramandakoa dirudi eta klixeok ez dira ondo uztartzen narrazioaren maila dramatikoarekin.

Amaiera gazi-gozoak filma borobiltzen laguntzen badu ere, argi dago hau ez dela Dolanen obrarik bikainena.  Hala eta guztiz ere, beti bezala, gozamena da zuzendari gazteak aurkezten digun munduan murgiltzea eta, noski, Mattek eta Maxek elkarri nola begiratzen dioten lekuko izan ahal izatea. LGTB gaiak eta pertsonaiak mundu-mailako zinema onenaren palkora igo ditu Dolanek eta espero dezagun, hurrengo urteetan, oraindik gorago ere igotzen jarraitzea.