A Contracorriente Films banatzaileak Giuseppe Tornatore zinegile italiarraren Nuovo Cinema Paradiso (1988) filma berrestreinatuko du Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Koronabirusak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz hiru hilabetez itxita egon dira, eta berrirekiera ospatzeko ikus-entzuleen zein kritika espezializatuaren aldetik horren maitatua den filma emango dute ekainaren 26an SADEk kudeatutako Principe aretoan, Leioako Artea merkataritza-gunean, Gasteizko Boulevardean eta Iruñeko Navarra Arena auto zineman, besteak beste.

Beharrezko segurtasun-neurri eta bermeak betetzen direla ziurtatzeko, irekiera data atzeratzea erabaki zuten Hego Euskal Herriko zinema aretoek. Sanchez presidenteak iragarritako deseskalatze planak bigarren fasean ahalbidetu zuen zeregina (maiatzaren 25ean), edukiera osoaren herenarekin, baina hainbat aretok itxarotea erabaki zuten. Badira, baina, dagoeneko martxan daudenak. Estreinaldirik oraindik ez badago ere, irekiera bateratua baino lehen pausoa ematera animatu dira Getxoko autozinema, Iruñeko autozinema berria, Durangoko Zugaza edota Gasteizko Florida eta Gorbeia aretoak. Hala ere, ekainaren 26an berrartuko dute SADEk Donostian dituen Antiguo Berri, Trueba eta Principe egoitzek beraien jarduna, eta hala egingo dute Bizkaiko zein Gasteizko Yelmo etxekoek ere.

Bada, batzuek zein besteek modu berezian ospatuko dute pantaila handietara itzulera, izan ere, ekainaren 26an (ostirala), A Contracorriente Films banatzailearen eskutik Nuovo Cinema Paradiso proiektatuko dute Principe aretoan (Donostia), Niessen merkatalgunean (Errenteria), Artea merkatalgunean (Leioa), Ballonti merkatalgunean (Portugalente) eta Gasteizko Florida Guridi, Gorbeia eta Boulevardean. Yelmo taldeak kudeatutako aretoetara bertaratzeko, sarrerak gaur bertan jarriko dituzte salgai, webgunean. SADEren egoitzan filma ikusi nahi dutenek datozen egunetan izango dute txartela eskatzeko aukera. Aldiz, Iruñeko Navarra Arena pabiloiko autozineman ostiralean (ekainaren 25a) egongo da ikusgai.

Zinemazaleen artean adostasuna erabatekoa da, Giuseppe Tornatore zinegile italiarrak zuzendutako filma maite ez duenik gutxi baita. Cannesko zinema jaialdian epaimahaiaren sari nagusia eta Oscar sarietan ingelesaz besteko pelikula onenaren saria eskuratu zituen, eta belaunaldiz belaunaldi ikus-entzule berrien arreta bereganatzen jarraitzen du. 

SADE etxeak Film mitikoen astea ekimenaren baitan proiektatuko du filma, eta Yelmo eduki alternatiboak programatzeko erabiltzen duen +Que Cine egitasmoaz baliatuko da zinemari eskainitako maitasun aitorpen ederrenaz gozatzeko aukera ikus-entzuleei emateko. Hiru hilabetez zinema aretoak itxita egon ostean, Totó gaztetxoaren ilusioak herritarrenekin bat egingo du, eta Arteen Asturiasko Printzesa saria jasoko duen Ennio Morricone musika konposatzailearen soinu bandak txundituta, zaletu askok lehenengoz filma pantaila handian ikusteko aukera izango dute.