Martxoko egitaraua bertan behera utzi behar izan zuten Bilboko Fas zineklubeko kideek, eta apirileko lehen asteak ere emanaldirik eskaini gabe igaro zituzten. Hala ere, koronabirusaren pandemiak eragindako etenaldiari aurre egiteko prest azaldu ziren, eta asteartero streaming bidez ari dira saioak egiten. Apirilean hasi zuten ekimena, eta asteartero film bana proposatzen dute. Gaur (ekainak 23), Francis Ford Coppola estatubatuarrak zuzendutako Rumble Fish (1983) emango dute, 17:45etik aurrera, Youtube bidez.

Fas zinekluba bueltan da, eta konfinamendu garaian zinema aretoak itxita daudela kontuan izanda, sarera egin du salto. Zineklubeko bazkideek  posta bidez jasotzen dituzte filma ikusi ahal izateko argibideak. Baina bazkide ez direnek ere aukera izango dute, izan ere, pelikulen aurkezpenez eta emanaldiez gozatzeko interesa izanez gero, herritarrei info@cineclubfas.com helbide elektronikora idazteko deia luzatu diete.

Apirilaren 21ean ekin zioten zinema eskaintza berriari #astearteazineman lelopean, eta Mario Monicelli zinegile italiarraren I soliti ignoti (1958) filma ikusteko hitzordua finkatu zuten. Ordutik, astero ari dira emanaldiak eskaintzen, eta gaur (ekainak 23), Francis Ford Coppola estatubatuarrak zuzendutako Rumble Fish (1983) proposatu dute. Saioaren aurretik zuzeneko aurkezpentxo bat izango dute ikus-entzuleek, 17:45ean, Youtube bidez.

Rusty James (Matt Dillon) gazte taldeen garaietara itzultzea amesten duen mutikoa da. Bere anaia nagusiaren (Mickey Rourke) bidea jarraitzeko asmoa dauka, izan ere, hura ere talde horietako bateko liderra izan zen, “motordun mutila” ezizenez ezagutuko dutena. 1984ko Donostia Zinemaldian FIPRESCI saria eman zioten Coppolaren filmari eta harrera ona izan zuen nazioartean.

Antolatzaileek ohartarazi dute online programazio berri honek ez duela egitarau presentziala ordezkatzen, beraz, egoerak hala ahalbidetzen duenean El Carmen aretoko ohiko jardunarekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute.