Nazioarteko zinemagintza-industriari eta hura osatzen duten profesionalei laguntza ematea da egunotan Cannesen ospatzen ari diren Marché du Film merkatuaren helburua. Euskal sektoreak presentzia nabarmena izango du.
Marché du Filmek nazioarteko industria zinematografikoari babesa ematen jarraitzeko eta profesionalei laguntzeko helburua dauka, eta guztira 8.500 parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu; 250 postu eta 60 pabiloi inguru. Programan, parte-hartzaileei zuzendutako 1.200 online proiekzio baino gehiago eskainiko dira eta, aldi berean, 2.300 film luze izango dira eskuragarri merkatuan. Hitzordu birtual honetan, 150 ekitaldi baino gehiago, panelak, hitzaldiak, ‘Speed meetings’ topaketak, mahai-inguruak eta zinemako musikagileen kontzertu esklusiboak ere eskainiko dira Cannesen bilduko diren profesionalentzat.
Euskal sektoreak ere presentzia nabarmena izango du. Izan ere, Euskadin Zineuskadiren laguntzarekin egindako hainbat proiekturen erakusleiho bihurtuko da merkatua, eta sektoreak bizi duen sormen-une ona agerian utziko du, pandemiak eragindako osasun-egoerak ekarritako zailtasun guztien gainetik.
Nabarmentzekoa da Paul Urkijok lortu duen proiekzioa: Sitgeseko Jaialdiak zinemagile gasteiztarraren film proiektu berria aukeratu du Fantastic 7 foroan parte hartzeko. Irati izeneko lana estatu-mailako genero fantastikoaren ordezkaria izango da ekainaren 24an eta 26an egingo diren saioetan. Halaber, Annecyko Jaialdian Homeless Home (2020) film laburrarekin Epaimahaiaren Saria lortu ondoren, UniKo ekoiztetxeko Ivan Miñambresek ACE Animation Specialek, Animation!-ek (Ventana Sur) eta Mifak (Aneccy Festival) antolatutako Animation Speed Meetings jardunaldietan parte hartuko du, Alberto Vázquezek zuzendutako Unicorn Wars film luzearekin.
ICAAk antolatutako ‘10 Promising Spanish Projects in Development’ topaketan ikusgai egongo dira beste bi euskal lan. Batetik, Pimpi & Nella Films, Marmoka films, Corpus Films eta Arena Comunicación Audiovisual produkzio-etxeek Tetuán pelikula. Iratxe Fresnedak arrigorriagaren lana da, Gentzane Martínez izango du ekoizlea eta zuzendariak landutako irudi-erregistroaren trilogiaren (Irritziaren Oihartzunak, Lurralde Hotzak) azken alea izango da. Bestalde, Jaibo Filmsen eta Apellaniz & De Sosaren Espíritu Sagrado filma ere hautatu dute. Chema García Ibarra da proiektuaren zuzendaria eta Marina Perales Marhuenda ekoizle nagusia.
Era berean, Itziar Leemans, Tamara Lucarini eta Esti Urresola, Tabakalerak gidatutako NOKA Mentoring programako lehen edizioko hiru partaideak, Marché du Film jaialdian izango dira ere, garatzen ari diren film luzeen proiektuei jarraipena eman eta merkatu horrek eskaintzen dituen baliabideak gertutik ezagutzeko.
Azpimarratzekoa da, gainera, Basque Audiovisual plataformak Cinema from Spain standean izango duen espazio birtuala. Just Spainted! egitasmoak, Espainiako zinemaren nazioarteko sustapenerako kanpaina berriak, irudi berritua aurkeztuko du eta autonomia-erkidegoak hartuko ditu bere baitan. Erkidego bakoitzak edizioaren eta film berrienen talentu nabarmenei emango die ikusgarritasuna, bai eta eskualdeetako funtsei eta lurraldeetako pizgarri fiskalei ere. Halaber, 2020ko udaberriko ekoizpen nabarmenei buruzko katalogoa ezagutzera emango dute.
Azkenik, nazioarteko erosle eta eragile estrategikoentzat programatutako Market Screening saioetako filmen artean ere nabarmena izango da euskal proiektuen presentzia. Hautatutako euskal lanak Telmo Esnalek eta Asier Altunak zuzendutako Agur Etxebeste, eta Miguel Ángel Jiménezen Window to the sea izango dira.