Gasteizko Artium zentroan zen ospatzekoa Korterraza film laburren jaialdiaren 11. edizioa, baina koronabirusak eraginda, toki aldaketa adostu dute antolatzaileek eta Iparraldeko Parkean egingo dute, uztailaren 8tik 11ra bitartean, frontoi irekian. 58 film labur eta sei kontzertuk osatuko dute  aurtengo egitaraua.

Arduradunek esan dutenez, ziurgabetasuna izan da azken asteetan nagusi, baina gogoz egindako lanaren emaitzatzat dute uztailean ospatu ahalko duten jaialdia. Segurtasun-neurriak jarraituz, edukiera mugatua izango du aurtengo ekitaldiak, hala, herritar orok film laburren jaialdiaz goza dezan, egun batez luzatu dute: uztailaren 8an hasita, espazio irekian eta 12×8 metrotako pantaila erraldoian proiektatuko dituzte lanak, bost sailetan sailkatutakoak. Haurrei zuzendutako eta gai sozialei eskainitako Sentsibiliza saileko film laburrak abuztuan ere ikusgai egongo dira. 

Guztira 1.083 lan jaso baina 56 proiektatuko dituzte. Carlota Pereda Goya saridunaren There will be monsters, Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Mateoren ama edota Javier Marco zinegilearen A la cara dira Iparraldeko Parkeko frontoian ikusgai egongo diren ekoizpen batzuk. Inaugurazio ekitaldian, gainera, Arabako Film Laburren Eguna ospatuko dute eta lurraldeko zinegileek egindako sorkuntzak emango dituzte, besteak beste: Beñat Fontanedaren Ni una más, Mikel Bustamanteren Telekinesis edota David O. Sañudores Un coche cualquiera.

Horrez gain, musika kontzertuak ere eskainiko dituzte: Capsula, Liher, The Soulbreaker Company, The Dealers, Dr. Sax y Srta eta Escarlata taldeak zuzenekoetan ariko dira. 

2.500 metro karratu ditu jaialdia ospatuko duten gune berriak, eta pertsona bakoitzari 8 esleitzeko asmoa dute. Bertaratzeko, ekainaren 25etik aurrera Korterrazaren webgunean eta sare sozialetan iragarriko dituzten bideak jarraituz gonbidapena eskatu beharko dute ikus-entzuleek. Bestetik, Kultura Kalean antolatzaile-taldeak protokolo zehatzak garatu ditu edukiera eta sarrera-irteerak kontrolatzeko, maskara eta gel desinfektatzaileen erabilera errazteko, langileen zein ikus-entzuleen segurtasun-distantziak bermatzeko edota jaialdiaren eremuaren inguruan jende-pilaketak ekiditeko.

Egitaraua, hemen.