Segurtasun neurri zorrotzak betez, zazpigarren arteari omenaldia egingo dion ‘Film mitikoen astea’ zikloarekin zabalduko ditu SADEk Donostiako Principe zinema-aretoaren ateak. Datorren ekainaren 26tik uztailaren 2ra arte, zaleek pantaila handian berreskuratutako klasikoez gozatu ahal izango dute.

SADEk, EZAE elkarteko gainerako zinemekin batera, ‘Zinema pantaila handian’ lelodun kanpaina abiarazi du, jendea zinemaz gozatzera animatzeko. Ekimenak hiru ardatz nagusi izango ditu: pelikulak pantaila handian ikusteak dituen abantailak azpimarratzea, Internet bidezko erosketak deskontu bitartez sustatzea eta euskal filmeen sustapenean laguntzea, Euskadiko zinemagintzaren balio-kate osoari babesa emanez.

Hainbat ekintzaren bidez, zinearekin duten “hitzordua” gogoraraziko zaie zaleei, pantaila handia baita pelikulez gozatzeko espaziorik onena. Ikusleak erakartzeko. Kanpainak, gainera, euro bateko zuzeneko beherapena dakar Internet bidez erositako sarrera guztietan. Horrela, sarrerak modu seguruan erostea sustatu nahi dute.

Donostiako Principe zinema-aretoaren jarduna berrartuko duen ‘Film mitikoen astea’ zikloa izango da kanpainak sustatuko duen hitzordu horietako bat. The Goonies (1985),  Interstellar (2014), Gremlins (1984), Pulp Fiction (1994), The African Queen (1951), Billy Elliot (2000), Dunkirk (2017), The Sting (1973), Back to the Future (1985), Nuovo Cinema Paradiso (1988), E.T.: The Extra-Terrestrial (1982), 2001: A Space Odyssey (1968), A Clockwork Orange (1971), Die unendliche Geschichte (The Neverending Story) (1984), Psycho (1960) eta Die unendliche Geschichte (The Neverending Story) (1957) izango dira ikusgai izango diren harribitxietako batzuk, eta, gainera, zinemazaleek gehienak jatorrizko bertsioank ikusteko aukera izango dute.

Segurtasun protokoloa

SADEk Safe Cinema izeneko protokolo berria jarri du martxan: langileentzako prestakuntza-ikastaroak, Elis multinazionalak burututako instalazioen desinfekzio sakona eta zinema-aretoak espazio seguruagoak bilakatzeko neurriak. Horrela, bete beharreko jarraibideen berri izango dute ikusleek. Bereziki gomendagarria da sarrerak Internet bidez erostea edo, bestela, txartelarekin ordaintzea, kontaktua ekidite aldera. Era berean, zineman ezarritako kartelen eta proiektatutako bideoen bidez, sarrera, irteera zein joan-etorrietan topatuko dituzten seinaleak jarraitu beharko dituzte ikusleek, baita aretoetako langileen argibideak ere.

Halaber, segurtasun distantzia mantentzeaz ere ohartaraziko zaie, harreman estuko pertsonen artean izan ezik, eta hura mantentzea ezinezkoa denean maskararen erabilera derrigorrezkoa dela jakinaraziko zaie.

Azkenik,  ohi baino denbora tarte luzeagoa utziko dute saioen artean, garbiketa eta desinfekzio lanak burutzeko. Hain zuzen ere, lan horiek errazteko, ikusleei aretoa garbi mantentzeko  ahalegin berezia eskatuko diete.