‘Awlad. Hesiak gainditu’ dokumentala emitituko du igande honetan, hilak 21, Euskal Telebistaren gaztelaniazko kanalak. Ane Irazabal kazetariak eta Cosimo Caridik zuzendutako lanak, gerran dauden jaioterriak utzi dituzten lau adingaberen pausoak jarraitzen ditu.
Cosimo Caridirekin batera egindako dokumentalak, gerra atzean utzi duten bi neskatoren eta bi mutikoren istorioa kontatzen du. Lau protagonistek ihesaldi luze baten etapa ezberdinak erakutsiko dituzte, igaro behar dituzten herrialdeetatik azken helmugaraino. Izan ere, hezkuntzarako sarbidea gainditu gabeko ikasgaia da oraindik haur askorentzat. Muzungu Producciones ekoiztetxeak aurrera eramandako filmak, euren jatorrizko herrialdeetako indarkeriatik ihesi, Berlinen, Greziako Samos uharteko errefuxiatu eremuan eta Oñatin bizi diren lau neska-mutilen historia zein istorio gordina azaltzen du.
Cosimo Caridi italiarrarekin batera zuzendutako dokumentala da Awlad. Hesiak gainditu lana, eta Zinexit Giza Eskubideen Zinema Jaialdian estreinatu zen 2019ko azaroaren 27an. Egileak EuroBasqueren, Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluaren 2019 Kazetaritza saria irabazi du hari esker.
Bi zuzendariak herrialde arabiarretan eta migrazio mugimenduetan adituak diren kazetariak dira. Irazabal EiTBko korrespontsala da gaur egun Italian, eta ibilbide luza du errefuxiatuen egoerari buruz berri ematen. BERRIA egunkariko kolaboratzailea da eta RAI italiar telebistarentzat ere lan egiten du. Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburuan parte hartu du.
Ekainaren 21ean, 23:20etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en izango da ikusgai.