META! Crowdfunding programaren 5. edizioa aurkeztu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Programa hau proiektu eta ekintzaile kulturalak finantzatzeko bide berri bat da, mezenasgo bidezko finantzaketa kolektiboan oinarritutakoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Goteo fundazioarekin batera sortu duen ekimen honek herritarren parte-hartzea eta erakundeen babesa konbinatzen ditu, eta kulturarentzat baliabide gehiago lortzea ahalbidetzen du, interes publiko handiagoa pizten duten proiektuak diruz lagunduz.  Aurtengo edizioan, Kultura Departamentuak aurreko edizioetan proiektu hautatuei eman izan dizkien 70.000 euroko kopuruari eutsiko dio, eta edukien sustapena eta zabalkundea indartuko dira Piztu Kultura planaren bidez. Hala, aurten Kultura sailak 88.000€ bideratuko ditu orotara.

Meta! 2020k aurreko edizioetako mekanika bera izango du: Aurkezten diren proposamenen artean 15 kultura-proiektu hautatuko dira, guztiak ere Gipuzkoako pertsonek eta/edo kolektiboek bultzatutakoak eta bertan kokatutakoak. Crowdfunding kanpainen bidez sustatzaileek bereganatzen duten euro bakoitzeko beste bat jarriko du Kultura Departamentuak, proiektu bakoitzeko gehienez ere 4.780 eurora iritsi arte, eta guztira 70.000 euroren mugarekin. Normalean, herritarren ekarpenek erakundeen ekarpena bikoiztea lortzen dute, eta, hala, bildutakoaren guztizkoa 140.000 eurotik gorakoa izatea. 2019ko edizioan, kasu, 146.708 eurora iritsi ziren.

Proiektuen hautaketa

Ekainaren 4tik aurrera, interesa duten pertsonek eta kolektiboek Meta!-ren webgunean (meta.gipuzkoa.eus) edo Goteo fundazioaren web orrian (goteo.cc/meta2020) aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Uztailaren 16an bukatuko da horretarako epea.

Funtsezkoa izango da aurkeztutako proiektuek balio erantsia eskaintzea eta gizartearen lotura eta inplikazioa bilatzea, tokiko kultura-sarea aberastuz eta Gipuzkoako herritarren alternatibak, zerbitzuak eta aukerak hobetuko dituzten ideiei bizia emanez. Aurten, gainera, arreta berezia jarriko zaie digitalizaziora edo egungo krisiari kultura-jardunetik irtenbide sortzaileak ematera bideratutako proiektuei.

Bosgarren edizioaren mugarri eta berrikuntza nagusiak

2020ko deialdiak hiru berrikuntza nagusi izango ditu aurreko urteekin alderatuta:

  1. Prestakuntza osoa online izango da. Hau da, ez da aurrez aurreko saio, bilera edota jarraipenik egingo.
  2. Hiru tailer ospatuko dituzte guztira: Gipuzkoako herritar guztiei irekitako bi atariko saio, eta crowdfunding kanpainen komunikazioan espezializatutako bat, soilik hautatutako proiektuentzat.
  3. Tailer horien formatua online izango da, bideokonferentziaren bidez eta parte-hartzaileen arteko lankidetza- eta ikaskuntza-dinamika oso berritzaileen bitartez. Informazioa eta izen emateak: goteo.cc/tallermeta2020.

Programaren mugarri nagusiak

  • Ekainaren 4etik uztailaren 16ra: proiektua aurkezteko epea.
  • Ekainaren 23tik uztailaren 2ra: herritar guztiei irekitako crowfunding Izen emateak: goteo.cc/tallermeta2020.
  • Uztailak 28: 15 proiektu hautatuen berri emango da.
  • Uztailaren 29tik urriaren 7ra: proiektu hautatuentzako aholkularitza eta prestakuntza saioak.
  • Irailak 16: Crowdfunding kanpainetako komunikazioari buruzko tailerra.
  • Urriak 8: Crowdfunding kanpainaren hasiera.