Uztailean zehar ospatuko dute Kortxeak & Krispetak zikloaren 6. Edizioa, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. 5 ikus-entzunezko ikusteko aukera egongo da, eta horietako bat aukeratzeko laguntza deia luzatu diote publikoari. Parte-hartzaileek sarrera bikoitza irabazteko aukera izango dute.

Izenburuak iradokitzen duenaren gisa, Kortxeak & Krispetak musika eta zinemaren inguruan atondutako zikloa da. Zehazki, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak aire librean eskaintzen dituen zinema saioak eta musika kontzertuak biltzen dituen ekimena.

Udaren hasieran egiten da, eta saio guztiak Falerina lorategian izaten dira. Filmazpit programarekin elkarlanean antolatzen da. Horri esker, programazioak hartzen dituen filmak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin proiektatzen dira, eta musikarekin harreman estua duten pelikula dokumentalak izan ohi dira. Zikloari amaiera emateko kontzertu bat programatu ohi dute.

Bada, seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta programazioaren osaketan parte hartzeko aukera luzatu diote publikoari. Bost ikus-entzunezko menua osatu nahi dute, eta, hain zuzen, horietako bat hautatzeko parada izango dute zikloaren jarraitzaileek.

Searching for sugar man (2013), Control (2007), Amy (2015), Swing Kids (1993) eta Marley (2012) filmen artean egongo da lehia, eta bozka emateko propio sortu duten formularioaren bidez egin beharko da hautaketa. Parte-hartzaileek edozein saiorako  sarrera bikoitza irabazteko aukera izango dute.