Zuzendaria: Stefano Savona
Herrialdea: Frantzia, Italia
Urtea: 2018

-Gaur,  Gazan-

Nazioarteko zinemaldi ezberdinetan primerakoa harrera jaso eta gero (Canneseko jaialdian L’Oeil D’or, dokumental onenaren saria, irabazi zuen 2018an), aste honetan egongo da, behingoz, La strada dei Samouni (2018) dokumentala pantaila handian ikusgai. Zinemetan martxoan estreinatzekoa bazen ere, aretoen itxierak hiru hilabetez atzeratu du lehen emanaldia eta, azkenik, ostiral honetan, ekainaren 19an, izango da.

“Berun Urtu operazioa” izenpean ezagutzen da Israeleko armadak palestinarren aurka egindako erasoa, 2008ko abendutik 2009ko urtarrilera jazo zena. Garaian, mugak guztiz itxita bazeuden ere, Gazako zerrendara ailegatzea lortu zuen Stefano Savona zuzendariak eta, bertan, erasoen mehatxupean garatzen zen egunerokotasunaren erretratua filmatu zuen “Cast Lead” (2009) dokumentalean.
“La familia Samuni” garai horretantxe filmatzen hasi zen ere. Urtarrilean armada israeldarrak erasoa eten zuenean, Gazarantz abiatzeko aukera izan zuen Savonak eta hiriaren inguruko landa-eremuan Samuni nekazarien komunitatea ezagutu zuen. Zuzendaria ailegatu baino aste batzuk lehenago, israeldar indarrek Samuni komunitate baketsuko 29 lagun erail eta haien lurraldea guztiz suntsitu zuten. Paradisu emankorra zen hartatik, olibondo bakan batzuk baino ez dira geratzen hondaketen artean eta umeek tiroz jositako aitaren gorpuaz hitz egiten dute asaldatu gabe.

Dokumentala, hala eta guztiz ere, ez da masakrearen edo familiaren dolu sakonaren berri ematera mugatzen. Zuzendariak uko egiten dio “biktima” kategoria murriztaileari, ikuspegi horrek ekar ditzakeen arazoez guztiz kontziente: “Banako bezala desagertzen dira, bakoitzaren pertsonalitatea eta aniztasuna ezabatzen da. Gertaeratik haratago diren guztia, ziren guztia eta, hein batean, etorkizunean izango direna desagertzen da. Nik Samuni familiari existentzia bueltatu nahi nion, gertaera zorigaiztokoaren pisuaren azpian bai hildakoak zein biziak ehorzteari utzi.”

Planteamendu egoki bezain beharrezko horretan errotuta, filmak erasoaren aurreko zein ondorengoko komunitatearen bizimodu arruntera (hitzaren zentzurik hoberenean) hurbiltzen gaitu: umeen jolasak, etxearen garbiketa edo ezkontza ospakizunak. Savonak 2009 eta 2010. urteetan filmatutakoari, Simone Massiren animazio lan ederra gehitzen zaio, iraganeko bizitzaren edo erasoaren beraren eguneko irudiak sortzeko. Marrazkion trazu urduri eta aldakorrek montaje poetikoagorako bidea irekitzen dute, animazioak errealitate lazgarrienak jorratzeko duen ahalmen interesgarriaren inguruan hausnartzeko aukera ematen duten bitartean. Protagonisten testigantzan oinarritutako animazioak kamerak arakatu ezin ditzakeen memoriaren txoko gozoenetaraino gidatzen du ikuslea. Era beran, filmean zehar denboran atzera eta aurrera egiten diren jauziek zaila egiten dute gertakariei data zehatz bat esleitzeak. Baliabide horri esker, denboraz-kanpokotasun kutsua irabazten du obrak, Palestinako herriak bizi duen gatazkaren gaurkotasuna agerikoa bihurtuz.

Mina eta suntsipena ezkutatzeko beharrik gabe lortzen du dokumentalak Samuni familiako kideen distira harrapatzea. Hala, biktima eta heroien paradigmatik urrunduz, auziaren protagonista zuzenak diren horiei ematen die ahotsa, etorkizunera irekita dagoen kontakizun zintzo bezain latza aurkeztuz. Ikusi beharreko obra zinez txukuna dugu “La Familia Samuni”, ikuslearen barrenak (amorruz zein samurtasunez) iraultzeko ahalmena duen horietakoa.