Ekainaren 15etik 20ra bitartean, online bidez ospatzen ari dira animaziozko zinemari eskainitako Annecy jaialdia. Film laburren sailera begira jarri gara, partaidetza euskalduna izango baitu: UniKo ekoiztetxe bilbotarraren eskutik Alberto Vázquezek zuzendutako Homeless Home  eta Izibene Oñederraren Lursaguak filmak.

Annecy 2020 ekitaldiak aurtengo egitaraua moldatu egin behar izan du koronabirusaren pandemiak eraginda. Besteak beste, aurreikusitako programazioaren zati bat 2021eko jaialdira atzeratu dute, nahiz eta sail ofizialetako animaziozko filmak bere horretan mantendu dituzten, online eskainiz.

Film laburren sailari dagokionez, 37 lan hautatu dituzte, eta tartean euskal ekoizpenak ere badira. Ikus-entzunezko edukiak sortu, ekoitzi eta garatzen dituen UniKo ekoiztetxe bilbotarrak Homeless Home aurkeztuko du, 2D teknika erabiliz Alverto Vázquezek sortu duen animaziozko film laburra. Existentzialismoa du ardatz eta fantasiazko unibertso batean kokatuta dago. Bestetik, Izibene Oñederra animatzaile azkoitiarraren Lursaguak lana Hélène Cixous-en hitzak oinarri hartuta egindako animaziozko lan kontzeptuala da. 2019ko Kimuak katalogoan aukeratu zuten.

Animaziozko film laburren saileko epaimahaia Matt Kaszanek, Naomi Van Niekerk eta Denis Walgenwitzek osatuko dute, eta Film Labur Onenaren Kristal Saria izeneko aitzatespena dago jokoan.