Pandemia. Koarentena. COVID-19. Hitz horiek etengabe entzun ditugu azken hilabeteetan. Zentzu horretan, kultura sorkuntzan izan duen eta izango duen eraginaz asko hausnartu da. Berrogeialdi garaian kulturaren garrantzia argi eta garbi geratu da, baina era berean, kultur sortzaile eta egitasmoentzat garai ilunak datozela ere aurreikusi da. Ziurgabetasuna, horixe izango da gehien entzungo dugun hitza. Zer egin dezakegu orduan datorren errealitate latz honen aurrean?

Galdera hori ez da batere erraza erantzutea, eta erantzunak modu apalean eta komatxoen artean azaldu behar dira beti. Baina kontzeptualizazio edo pentsamendu transmediatikoa buruan izatea abiapuntu interesgarria izan daiteke. Pentsamendu honek hainbat dimentsio ditu. Esate baterako online/offline dimentsioa, hau da, prestatzen dugun egitasmoak kaleko eta etxeko kontsumo logikak batera kontuan izatea, eta bien arteko zubiak sortzea. Horrela, beste berrogeialdi baten aurrean, egitasmo horrek bizitza izaten jarraituko du.

Pentsamendu transmediatikoa ere lan egiteko modua da. Formatu anitzeko egitasmoak pentsatu behar dira eta lantalde txikiak eratu bakoitza jorratzeko. Modu horizontalean planifikatu behar dira proiektuak eta sare egituran lan egin behar da, non formatu bakoitza nodo bilakatzen den. Eta dagoen aurrekontua, modu kooperatiboan banatu behar da. Horrela, lantaldeen arteko elkartasuna sustatuko da eta nahiz eta formatu batek huts egin, besteen arrakastak mantenduko du bizirik proiektua. Kolaborazioa eta ez lehia.

Azkenik, pentsamendu transmediatikoa ikerketarako jarrera da ere, kultura digitalaren inguruan hain zuzen ere. Kultura digitala sormenez beteriko unibertsoa da, klik eginez azter dezakeguna. Unibertso horretan dirdiratzen duten egitasmoak ezagutu behar ditugu,  eta ikerketa eta garapena gure eguneroko ohitura bilakatu. Modu horretan, gure egitasmoak berritzaileak eta deigarriak izango dira beti, eta gure lana, sortzaile bezala, glokalismoaren kontzeptuan oinarrituko da: mundu osora begiratzen duena, baina bertako eta berezko ezaugarriekin indartuz.