Alkizako Udalak eratutako Sormenaren Kabia egonaldi artistikoen 2020. urteko edizioaren oinarri arautzaileak eta deialdia abian dira jada. Euren proiektuak garatzeko toki lasaien bila ari diren artistentzat kokaleku aparta eskainiko du egitasmoak; hirietako zarata eta zurrunbiloetatik urrun, baina, aldi berean, gertu dagoelako.

Nazioartean geroz eta gehiago dira landa-eremuetan artistentzat apropos sortu edo egokitzen ari diren ekimen artistiko eta kulturalak. Bere kokapen geografikoagatik, gune estrategiko batean kokatuta egotearen konbentzimendua azaldu du Alkizako Udalak: “Hernio mendiaren magalean, Europako Natura 2000 Sare ekologikoaren baitan aitortutako naturagune zoragarri baten erdian dago. Gipuzkoaren bihotzean, herri giro lasaia eskaintzen du baina, aldi berean, kilometro gutxira ditugu Donostia, Baiona, Bilbo naiz Euskal Herriko gainerako hiriburuak zein aireportuak ere”.

Hain zuzen, uste honetan onarritu zuten 2017 urteaz geroztik sustatu duten egonaldia. Sormenaren Kabiaren sorrerak Tolosaldeko mugak gainditu eta Gipuzkoako eskaintza osatu du, Euskal Herriko artistentzat ez ezik, mundu osokoentzat ere erakargarria den ekimen gisa. Eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanari esker sortu zuten, eta urtetik urtera handiagoa da inguruko eragileengandik jasotako babesa.

Deialdiak eskaintzen duena

Sormenaren Kabiak hurrengoa eskaintzen die hautatuak diren egileei: lanerako espazioak; aholkularitza artistikoa; izaera bereko beste hainbat ekimen ezagutzeko erraztasunak; euren lana ezagutzera emateko berariaz egindako ikus-entzunezko bat, ostatua eta 1.000 euroko saria.

  • Aukeratutako proiektu bakoitzari emango zaio 1.000 euroko saria. Diru hori nahi dutenerako erabili ahal izango dute eta ez dute ordainagiririk aurkeztu beharko.
  • Alkizako Udalak Lete Apartamentuetako batean hiru asteko egonaldia ordainduko die hautatuak izan diren sortzaileei. Apartamentuek, gehienera ere, lau lagunentzako tokia eskaintzen dute. Horietako bat elbarrientzako egokituta dago.
  • Artistek Koldobika Jauregiren aholkularitza jasoko dute, hala nahi izanez gero.
  • Antolakuntzak artisten eskura jarriko ditu proiektuen ezaugarrietara egokitzen diren beharrezko lanerako espazioak.
  • Antolakuntzak proiektu bakoitzeko ikus-entzunezko bana egingo du artistek Alkizan zer eta nola egin duten ezagutzera emateko. Berariaz egindako lan hauen gastua bere gain hartuko du Alkizako Udalak. Artistek bideo hauek euren promoziorako erabili ahal izango dituzte.
  • Sormenaren Kabian parte hartuko duten sortzaileek aukera izango dute Hendaiako Nekatoenea Artisten Etxea eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoko PATRIM + erresidentzia artistikoak zer diren ezagutzeko.
  • Sortzaileei herritarrekin hartu-emanak izateko bideak erraztuko zaizkie. Esate baterako, aukera emango zaie herriko eragileekin bilerak egiteko.
  • Hautatuak diren sortzaileek, Alkizako ondare naturalaz gainera, bertako ondare kulturala ezagutu eta bizitzeko modua izango dute.

Halaber, hautatutako sortzaileren batek euskara ezagutzen ez badu, Udalak hainbat baliabide eskainiko dizkio horretan laguntzeko: euskarazko oinarrizko hainbat kontzeptu ikasteko saio labur bat; euskarazko oinarrizko hiztegi txiki bat, eta nahi izatera, beste hainbat baliabide ere.

Egonaldiaren iraupena eta baldintzak

Hiru asteko iraupena izango du egonaldiak eta 2020ko iraila eta urria bitartean gauzatuko beharko da, antolakuntzak deialdian hautatuak diren sortzaileekin adostuko dituen data zehatzetan. Edozein kasutan, egonaldia epe bakarrean egin beharko dute, hiru astez jarraian.

Aurkeztutako proiektuei dagokienez, lan originalak izan beharko dira, beste inolako deialdietara aurkeztu gabeak. Hautagaiek argi azaldu beharko dute landu nahi dutenaren plangintza orokorra. Parte hartu nahi duten profesionalek naturarekin eta landa eremuarekin lotutako ekimen bat landu beharko dute: natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kultura. Halaber, egonaldian zehar, naturarekiko eta herritarrekiko errespetuz jokatu beharko dute. Hortaz, sorkuntza prozesuan ezingo dute ingurumenari kalte egin diezaiokeen materialik edo teknikarik erabili.

Hautatutako proposamenak ezagutzera emateko, ikus-entzunezko bana ekoiztuko du Antolakuntzak. Bertan, egonaldian zehar artistek zer egin duten, nola lan egin duten, herriarekin berarekin eta herritarrekin zer nolako harremana izan duten ikusi ahal izango da besteak beste. Aldaketarik ezean, ikus-entzunezko hauek jendaurrean aurkeztuko dira 2020ko abenduaren 18an. Artistek aurkezpen ekitaldian parte hartu beharko dute.

Ikusi deialdiaren oinarri eta xehetasunak, hemen.