Konfinamenduak iraun duen bitartean, egunero, GAZTEZULOren Instagram kontutik zuzeneko elkarrizketak ikusi eta entzuteko aukera izan dute aldizkariaren jarraitzaileek. Euskarazko komunikabideak izan ziren ekimenaren azken asteko protagonistak, eta ZINEAko kideok ere solasaldi horien parte izan gara.

“Esan beharrik ez dago koronabirusaren talkak gizartean oro har zer nolako eragina izan duen. Baina zer gertatu da zehazki euskal musikari, kazetari, aktore, kirolari, artista, gidoilari edota sortzaile desberdinek 2020rako iragarrita eta antolatuta zeuzkaten ekintza desberdinekin? Nolakoa izan da itxialdiaren eragina “bizitza berri” honetan? Eragin ekonomikoa? eta…pertsonala?” Honela aurkeztu zuten Gaztezulo aldizkariko arduradunek  #ZULOTIK! atal berriaren sorrera iragan martxoaren 23an.

Itxialdi behartuak profesional eta sektore desberdinei ezarri dizkien mugez harago, egunerokoa sare sozialen hizkuntzara egokitu eta bozgorailu lana betetzeko gogoz abiatu zuten saioa. “Zenbaterainokoa ari da izaten koronabirusaren eta itxialdiaren eragina? Zein ondorio ekarriko dizkigu?”, horiek izan dira elkarrizketatu guztiekin izandako solasaldiak abiatu dituzten bi galderak, eta gaiaren inguruko “etxeko” elkarrizketa arinez eta pertsonalez gozatzeko erakusleiho paregabea sortu dute.

Bada, hilabeteak igaro dira, eta normaltasun berria hurbildu ahala eman diote amaiera ekimenari. Euskal musikari, kazetari, aktore, kirolari, artista, gidoilari edota sortzaile desberdinak aritu dira beren esperientzia propioez, eta euskarazko komunikabideen lagin bat izan da azken asteko protagonista. Hamaika Telebista, Kanaldude Telebista, Argia aldizkaria…

ZINEAko kideok ere gure aletxoa ipini nahi izan dugu, eta ordu-erdi luzez aritu ginen iragan ostegunean (hilaren 11n) Ane Urrutikoetxea aurkezlearekin solasean: COVID-19aren aurrean hartu behar izan ditugun neurriak, gure lana egin ahal izateko burutu behar izan ditugun aldaketak, ZINEAk berak jasandako ildo diskurtsiboaren aldaketa… eta, nola ez, guzti honek gure lan baldintza eta bizirautean utzitako argilunak.

Halaber, euskal zinemagintzaren sektoreari begira jarri ginen, eta gaitzak eragindako aldaketa nagusiak zerrendatu genituen: errodajeen etenak, aretoen ateen itxiera, proiektuen atzeratzea, jaialdien atzeratzea… eta baita profesionalen aldarriekin bat egin. Beharrezkoa da hilabeteotan babesa eman diguten kultur eskaintza eta sortzaile horiei gure begirune adieraztea, eta, noski, emandako babesa itzultzea. Guztiok dugu ardura: izan publiko gisa, erakunde gisa ala sustatzaile gisa.

Jarraian ikus dezakezue Ane Urrutikoetxeak eta ZINEAko Ines Arrue erredaktoreak izandako solasaldia: