NIFF – Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko dute aurten Meliton Estudioen, La Caixa taldearen gizarte ekintzaren eta Caja Navarra Fundazioaren ekimenez. 2020ko irailaren 3tik 5era egingo dute jaialdia eta ezgaitasunari zein feminismoari buruzko mahai-inguruak antolatzeaz gain, migrazioa, osasun mentala, animazioa eta LGTBI+ gaiak ere izango dituzte hizpide.
Zinegileak, artistak, kazetariak eta jorratuko dituzten arloetako profesionalak elkartuko dituzte sail ofiziala osatuko duten filmetan mintzo diren gaiak oinarri izango dituzten solasaldietan. Helburua, ikus-entzuleengan hausnarketa sortzea eta istorioak pantailatik haratago eramatea dela diote antolatzaileek. Hala, herritarren partaidetza bultzatu nahi dute, adituekin hartu-emana izan dezaten.
Osasun mentala hizketagai izango duen mahai-ingurua Cristina Ochoa kazetariak gidatuko du, eta Laura Sam idazleak, Sandro Laboni filologo italiarrak eta Laura Martin psikiatrak parte hartuko dute.
Bestalde, Nafarroako 4 profesional garrantzitsuenen bidez, animazioaren industriari balioa emango diote, eta erkidegoan industria horrek duen orainari eta etorkizunari errepaso txiki bat emango diote. Nerea Larriú kazetaria izango da moderatzailea, eta Toni García ingeniaria, Carlos F. De Vigo zinegilea, Lorena Arés 3Dn aditua eta Blanca Oria programatzailea ariko dira hizketan.
Migrazioari buruzko mahai-inguruan, berriz, Modou Fall senegaldarrak, Patricia Ruiz de Irizar orientatzaileak eta Fátima Djarra ingeniari ginearrak hartuko dute hitza, eta Lourdes Biurrun kazetaria izango da moderatzailea.
LGTBI+ kolektiboari ikusgarritasuna eman nahian, azkenik, Conchín Fernández telebista aurkezleak Pau Guillén Zinegoak jaialdiko zuzendaria, Koldo Martinez mediku eta Donostia Zinemaldiko kolaboratzailea zein Kai Etxaniz musikaria izango ditu aldamenean.
Solasaldiak filmen NIFF jaialdiko sail ofiziala osatuko duten proiekzioen ostean egingo dituzte, oraindik ere zehazteke dauden ordutegi eta espazioetan.
Informazio gehiago, hemen.