Martxoan egitekoak ziren aurkezpen handia bertan behera utzi behar izan eta gero, Maider Fernandez Iriarte zinegile donostiarraren lehen film luzeak badu estreinaldirako data berria. Uztailaren 10tik aurrera, zinema-areto nagusietan egongo da ikusgai Las letras de Jordi (2019) .
Márgenes Distribución banatzaileak baieztatu berri du Fernandez Iriartek zuzendutako lanaren estreinaldi komertzialak data berria duela. Iragan martxoaren 13an ziren egitekoak, baina, COVID-19 gaitzaren agerpenaren aurrean, arduraz jokatu eta bertan behera uztea erabaki zuten. Sr. & Sra ekoiztetxeak produzitu du zinemagile donostiarraren proiektua, eta estatu mailako zein nazioarteko jaialdietan aritu da lehian.
Donostia Zinemaldiko Ikusmira Berriak programaren hirugarren edizioan parte hartu zuen Fernandez Iriartek 2017an, eta bertan garatu zuen Las letras de Jordi proiektua. Iaz, New Directors sailean lehiatu zen filma jaialdi donostiarrean (irakurri ZINEAn publikatu genuen filmaren kritika hemen).
Dokumentalak 51 urteko Jordirekin sortu duen harremana aztertuko du. Jordi garun-paralisiarekin jaio zen, eta kartoizko taula baten bidez komunikatzen dira biak. Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuen 21 urterekin, baina orain ez du haren presentzia sentitzen, eta bere hausnarketak konpartituko ditu Fernandez Iriarterekin.
Zuzendari donostiarrak Gizarte Hezkuntza ikasi zuen UPV/EHUn, Telebista eta Zinema Errealizazioa ESCIVIn eta Sorkuntza Dokumentalen Masterra UPFn. Bere lanak aitortza izan dute hainbat jaialdi eta arte gunetan, horietako batzuk Las Chicas de Pasaik-eko taldearen partaide bezala. Zuzendari izateaz gain, zinemarekin lotura duten hezkuntza proiektuetan parte hartzen du, adibidez Cinema en curs, Drac Màgic ikus-entzunezko kooperatibarekin elkarlanak egiten dtu, edo besteak beste, zuzendaritza eta gidoigintzako irakasle da Sorkuntza Dokumentalen Teoria eta Praktika Masterrean, UAB-n.