EZAE – Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak ‘Zinema pantaila handian’ izeneko kanpaina jarriko du ekainaren 22tik aurrera martxan. Helburua herritarrak filmak zinema aretoetan ikustera animatzea da, eta lau ardatz nagusi jorratuko dituzte: “pelikulak pantaila handian ikusteak dituen abantailak azpimarratzea, EZAEren zinema guztietan ezarriko den protokolo zorrotza azaltzea, Internet bidezko erosketak deskontu bitartez sustatzea eta euskal filmei laguntzea, Euskadiko zinemagintzaren balio-kate osoari babesa emanez”.

Hego Euskal Herrian zinema aretoak maiatzaren 25ean irekitzea aurreikusi zuen Espainiako Gobernuak, baina irekiera ekainaren 26an gauzatuko dutela esan du Donostiako zinema aretoak ustiatzeaz arduratzen den SADE taldeak. Hala ere, badira dagoeneko pausoa eman dutenak: Getxoko autozinema, Iruñeko autozinema berria, Durangoko Zugaza edota Bizkaiko Yelmo etxeko zenbait areto. Bada, EZAEk jakitera eman duenez, Errenteriako Niessenek, Gasteizko Gorbeiak eta Beasaingo Usurbe Antzokiak beste horrenbeste egingo dute aste honetan bertan, %60ko edukierarekin. Gainerako aretoak noiz irekiko dituzten datozen egunetan zehaztuko dute.

Hala, horietan guztietan, ezarritako protokoloei jarraituz, EZAEk ikusleei bete behar diren neurrien berri emango die Zinema pantaila handian kanpainaren baitan. Sarrerak Internet bidez erostera edo txartelarekin ordaintzera bultzatu nahi dituzte. Hala izanez gero, euro bateko deskontua izango dute sarrerek, ikuslearen egunean izan ezik. Horrela, sarrerak modu seguruan erostea  sustatu nahi dute EZAEren aretoetan.

Zinema kontsumitzaileei “zinearekin duten hitzordua” gogoraraziko diete ere. Era berean, aretoetan ezarritako kartelen eta proiektatutako bideoen bidez, aretoko langileen jarraibideei eta sarreretako, irteeretako eta joan-etorri guztietako seinaleei jarraitzeko eskatuko zaie ikusleei.

Gaur gaurkoz, estreinaldirik gabeko saioak eskaintzen ari dira Hego Euskal Herriko zinema aretoak, izan ere, film berriak ekainaren 24rako, uztailaren 1, 8 eta 14rako aurreikusi dituzte. Errentagarritasuna “estreinaldien egutegia erakargarriagoa denean bakarrik” lortuko dutela iritzi dute euskal zinemek: “Espainiako probintzia guztiak hirugarren fasera iristen direnean eta aretoetan baimendutako edukiera handitzen denean iritsiko da une hori”. Hala ere, Durangoko Zugazako esperientzia “oso baikorra” izan dela adierazi du EZAEk, edukiera %30era murriztuta izan badute ere, ikusleek eskaintzari erantzun diotela adieraziz: “Segurtasun-neurri berrietara egokitu dira, hala nola maskarillak erabiltzera eta distantzia soziala mantentzera”.