Zabalik da #Basquezinema urtekariaren 2020 urteko aleak erakutsiko dituen lanak bidaltzeko epea. Ekainaren 22a baino lehen jarri beharko dute harremanetan EPE-APVrekin beren lana katalogoaren hurrengo atalean ikusi nahi duten produktoreek.
Urteak emandako euskal ekoizpen eta koprodukzioak biltzen ditu #Basquezinema katalogoak, euskal ikuz-entzunezkoen ikusgarritasuna handitu eta nazioarteko hedapena bultzatzeko asmoz. Horretarako, nazioarteko zinema jaialdi eta merkatu nagusietara bidaltzen da, Euskal Produktoreen Elkartearen webgune eta sare sozialetan eskegitzeaz gainera.
Beren lana urtekariaren hurrengo alean ikusi nahi duten produktoreei dei egin die elkarteak, info@epe-apv.com helbidearen bidez, harremanetan jarri eta bere proiektuen berri emateko. Lehen pausuak emanda, inprimaki erraz bat jasoko dute, gainerako informazioa betetzeko. Ekainaren 22a izango dute horretarako epemuga.