Euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzea helburu duen Zinemina kanpainaren bigarren fasea martxan jarri du Zineuskadik. “Covid-19 pandemiak behartutako geldialdiaren ondorio latzak” arintzeko asmoz hartutako erabakia da egitasmoa, eta hiru emakumezko zinegilek sortutako “spot zinematografikoak” proiektatuko dituzte ETBn, sare sozialetan eta EAEko zinema aretoen irekieretan.

Esti Urresola, Itziar Leemans eta Tamara Lucarini zuzendariek zuzendu dituzte spot horiek eta ikusleen eta sortzaileen “zinemaz gozatzeko gogoari” buruzko ikuspegi pertsonala ematen dute. Zineuskadik bultzatutako egitasmoak pantaila handia maite dutenen nahiaren eta industriako profesionalek beren proiektuak sortzen eta garatzen jarraitzeko duten desiraren aldeko apustua egin du. “Nostalgia” hori mezu baikor bihurtu nahi izan dute jarduerari indarrez eta ilusioz heltzeko, hala, bigarren fase honetako ardatza izango dira spot zinematografikoak.

Ikus-entzunezko industriaren balio-kateko eragile guztien arteko lankidetzan oinarrituta dago Zinemina kanpaina. Arduradunen hitzetan, “pozgarria da egiaztatzea krisialdi honetan bat egiteko eta estrategia bateratuak bilatzeko gaitasuna erakutsi duela jada sektoreak”. Hala, sektoreko zuzendari, ekoizle, aktore eta teknikari desberdinek zinemen irekieraren aurrean dituzten itxaropenei buruzko bideo laburrak partekatzen ari dira Zineuskadiko sare sozialen bidez.

Horrez gain, ekainaren 11n Zinemina Talks solasaldien lehen saioa egingo dute, eta sektoreko profesionalak elkartuko dituzte. 19:00etan finkatu dute hitzordua, Facebook Live bidez.

Spot-ak ETBn, sare sozialetan eta EAEko zinema aretoen irekieretan proiektatuko dituzte, baina Zineuskadiren webgunean ere aurki daitezke. Jarraian dituzue ikusgai:

Esti Urresola:

Itziar Leemans:

Tamara Lucarini: