Giza Eskubideen Zinemaldiak hiru dokumental eskainiko ditu ekainaren 22tik 24ra bitartean Donostiako Antzoki Zaharrean: Apaga la luz y verás; Ernest Lluch, libre y atrevido eta Bi urte, lau hilabete eta egun bat. Emanaldiak 19:00etan izango dira, eta sarrerak 4,5 euro balio ditu. Astelehenaz geroztik txartelak salgai daude online bidez, eta behin antzokira gerturatzean osasun eta higiene neurriak jarraitu beharko dituzte ikus-entzuleek.
Covid-19k sortutako larrialdi egoeraren aurrean, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak eta Donostia Kulturak apirilaren 23tik 30era aurreikusita zegoen Giza Eskubideen 18. Zinemaldia ez ospatzeko erabakia hartu zuten. Berria ezagutzera ematerarekin batera, beren konpromisoa berretsi zuten “pentsatzen jarriko gaituen eta aztarna utziko duen, giza eskubideen urraketak salatuko dituen, eta elkartasunaren zein enpatiaren alde egingo duen” kultura eraldatzaile baten zabalkundean lanean jarraitzeko, eta halaxe egin dute.
Ekainaren 22tik 24ra bitartean Zinema eta Giza Eskubideen Erakustaldia zikloa egingo dute, eta hiru euskal ekoizpen proiektatuko dituzte Antzoki Zaharrean. Hilaren 22an Apaga la luz y verás (2020) lana emango dute. Axel O’Mill zinegileak zuzendu eta Óscar Terolekin batera idatzitako dokumentalak “bere bizitzako filma” errodatzen laguntzeko zinema zuzendari baten borroka kontatuko du. Ibon Casas da bera, eta ikusmen-arazoak dituzten pertsonei ikusgarritasuna emateko balioko dio filmak.
Hilaren 23an, bestalde, Ernest Lluch pentsalariaren bizitza pertsonal eta politikora egindako bidaia izango du Josep Morellek eta Jordi Vilarrek zuzendutako lanak ardatz: Ernest Lluch, libre y atrevido (2020). Espainia herrialde moderno bat izan zedin oinarriak finkatzen lagundu zuen Lluchek, osasun publiko unibertsala eta doakoa aldarrikatuz. Euskadin bakearen alde zubiak eraikitzen saiatzen ari zen bitartean, Barcelona komandoak 2000. urtean erail zuen.
Zikloa Bi urte, lau hilabete eta egun bat (2020) dokumentalak itxiko du. Lander Garrok zuzendu du lana eta Izar Films zein Labrit Multimedia taldeak dira ekoizleak. Intsumizioaren aldeko mugimendua izango du hizpide, 90eko hamarkadan derrigorrezko zerbitzu militarraren kontrako mugimenduaren azterketa politiko, sozial eta intimoa izango da.
Hiru emanaldiak 19:00etan izango dira, eta sarrerak 4,5 euro balio ditu. Astelehenaz geroztik txartelak salgai daude online bidez, eta behin antzokira gerturatzean osasun eta higiene neurriak jarraitu beharko dituzte ikus-entzuleek.