Arteen Asturiasko Printzesa saria elkarbanatuko dute inoiz zinemaren historian egon diren musika konpositore handienetako bik, Ennio Morricone italiarrak eta John Williams estatubatuarrak. Belaunaldi bereko bi ikur dira, XX. mendeko bigarren zatiko melodia esanguratsuenen eta goraipatuenen sortzaileak. Zinemagintza mota ezberdinen erreferente musikal nagusiak direla ere esan daiteke, batak AEBetako zinema komertziala girotu du, besteak, bertan sartu-irten txikiak egin baditu ere, Italiako eta Europako erregetza beregain hartu du.
Nor maite duzu gehiago, X edo Y, aita edo ama, zein seme-alaba… Betiko galdera, betiko erantzuna: ‘Ezin dut aukeratu, biak berdin maite ditut’. Era honetako alderaketetan aukeratzera behartzen gaituztenean, normalean, inor konpromisoan ez jartzeagatik edo bakar baten aldeko apustua egitearen beldurrez (zer pentsatuko luke baztertuak? ondo hartuko al luke erabakia?) zintzoak izateko joera izan ohi dugu. ‘Ez, ez. Ezinezkoa zait bat lehenestea. Biak eta listo, denak pozik!’. Ba… barkatuko didazue, baina John Williams zaleak zaretenoi beharbada ez zaizkizue hurrengo lerro hauek interesatuko. Beraz, bi aukera dituzue: 1) testua irakurtzeari utzi; 2) aurrera jarraitu eta ZINEAko KOLABORAZIOAK atalean zuen aldarriarekin erantzutea.
Iragan ostiralean (ekainak 5) ezagutu genuen albistea eta konformista zein kontra daudenekin aldrebestu dira sare sozialak. Saria partekatzeak eragin duen gogoeta festak monopolizatu du eztabaida. Shakespeare eta Tolstoiren artean aukeratzearekin konparatu duenik bada, bakoitzak errekonozimendu propioa izateko adina meritu egin duela argudiatuz. Bestetik, musikaren bitartez zazpigarren artea irauli duten bi artistak bat eginda saritzeak duen balio sinboliko eta indartsua onartu dute. Azkenik, malezia puntu bati eutsiz, musikariak adineko pertsonak direla eta goraipamena ‘badaezpada, lehenbailehen’ egin behar zitzaiela espekulatu dute ere.
Erabakia hartu dutenek jakingo dute zergatik aurten Arteen Asturiasko Printzesa sariak bi aurpegi izango dituen, baina niri horrek bost (sariak berak eta erabakiak)! Morricone eta Williams ez dira ez nire aita ez nire ama, ezta seme-alabak ere. Beraz, estatubatuarraz ahaztu eta daukadan aukeratxo hau erabili nahiko nuke xakean errege den, hegazkinak hartzeari beldur ikaragarria dion eta ingelesez batere egiten ez duen maestro erromatarrari buruzko hitz batzuk idazteko.
Musikari, eta hain zuzen ere, soinu bandak konposatzeari eskaini dio Morriconek bere ibilbide profesional ia guztia. 90 urtetik gora ditu, eta 2019an esan zion 60 urte luzeko jardunari agur. Besteak beste, Euskal Herrian izan genuen maiatzean, Barakaldoko BEC pabiloian. Berandu (oso berandu) eman zion Hollywoodeko Akademiak horrenbeste urtez italiarraren zaleek eskatzen zuten estatuatxo preziatua (2015ean Quentin Tarantinok zuzendutako The Hateful Eight filmeko musika sortzeagatik); aurretik bost hautagaitza eta ibilbideari errekonozimendua jasoa zuen. Hala ere, sariek baino, bere sorkuntzek utzitako ondareak bihurtzen du Morricone hilezkor.
Soinuei eta horiek interpretatuko zituzten instrumentistei garrantzia emanez, bere konposaketak urgentzia estetiko bati emandako ebazpen iraultzaileak izan dira 1961ean Luciano Salceren Il federale filmeko partitura sinatu zuenetik. Ordura arte zenbait kolaborazio eginak zituen. Zinema zuzendari askorekin egin du lan, eta zenbatezinak dira haientzako egindako maisulanak, bostehundik gora, erraz identifikatzen direnak. Ez soilik irudiekin sintonizatzeko ahalmen magikoa dutelako, baizik eta entzuterakoan melodiek barrenak mugiarazten dizkigutelako.
Sergio Leone auzokidearen (txikitan eskola berdinean ikasi zuten) western manieristek jarri zuten Morricone lehen lerroan, izan ere, ezin hobeto konpondu ziren elkarrekin. “Sergiok beste zinegileek baino arreta handiagoa eskaintzen zion musikari, pasarteak sostengatzeko estruktura arkitektonikoa izango balitz bezala baloratzen zuen musika”, aitortu zion Morriconek Alessandro De Rosa musikariari Inseguendo quel suono. La mia musica, la mia vita elkarrizketa liburuan. Gitarra elektrikoak, harmonikak, onomatopeiak, giza-txistua… ordura arteko soinu bandetan erabili ere egiten ez ziren soinu eta melodiak izan dira garai hartan bere esperimentazio musikaletan erabili zituen baliabideak, beti ere, pertsonaientzako leitmotiv bereziak sortuz: “Niretzako garrantzitsuena pertsonaiak dira, beraien psikologia. Beraien pentsamendu eta jokabideak ezagutzeko balio du musikak”.
Jakina da pelikularen gidoia eskuetan zuela lan egin duela konposatzaile erromatarrak gehienetan, are gehiago, hala exijitzen zien zinegileei, eta primeran ulertu zuen Leonek hasiera hasieratik ere. Ondorioa? 60ko hamarkadako spaghetti westernetako soinu bandak eta horien aplikazioa pistoleroen arteko dueluetan. Nola ahaztu, adibidez, Michele Lacerenzaren tronpetak musikatutako For a Few Dollars More (1965), The Good, the Bad and the Ugly (1966), edota Once upon a time in the West (1968) pelikulako azken sekuentzia gogoangarriak? Zer esanik ez (azken film honetan ere) Bruno Battisti D’Amarioren gitarra elektrikoak mcbaintarren erailketa osteko isiltasuna hausteko duen indarraz: Henry Fondak haragitutako gaizkile maltzurraren aurpegia lehenengoz erakusten digunean ikus-entzuleok pertsonaia horrekiko gorrotoa sentitzen dugu. Edota Edda Dell’Orsoren ahots maitekorra Jill (Claudia Cardinale) herriko tren geltokira iritsi, inor zain ez duela konturatu eta Monument Valley zeharkatuz Sweetwater etxolarako bidea hartzen duenekoa.
Gerora, Giuseppe Tornatore siziliarraren maisulan nostalgikoetan aurkitu du Morriconek babesa: La leggenda del pianista sull’oceano (1998), Malena (2000), Baarìa-La porta del vento (2009), La migliore offerta (2013), La corrispondenza (2016), eta nola ez, zinemaren historia zentsuratutako musuen bitartez kontatzen duen Nuovo Cinema Paradiso (1988) filmetan. Aurten gainera, Tornatorek Morricone eta bere arteari buruzko dokumental bat aurkeztuko du, Ennio: The Maestro. Zain gaude, ikusteko gogoz. Beste konposizio ahaztezin batzuk: The Mission (1986), The Untouchables (1987), Indagine su un cittadino al di sopra di ogni sospetto (1970), Novecento (1976) -Bernardo Bertolucci zuzendaria txundituta gelditu zen bere herrikideak filmerako sortutako musikarekin, eta zera esan zuen, ”zinemaren historiako ereserkirik ederrenetako bat” konposatu zuela- eta beste hainbeste…
Baina omenalditxo txiki honekin bukatzeko, berriz ere protagonistari eman nahiko nioke hitza, berak baino hobeto inork ez baitu musikaren zentzuaz hausnartzen: “Musikak ikusten ez dena erakusten du, esaten dena kontraesan dezake edo, alderantziz, irudiak erakusten ez duen zerbait kontatu […] Musika lagungarria izan behar da filmaren zentzua argitzeko, bai kontzeptuen aldetik eta baita sentimenduen aldetik ere […] Are gehiago, musikak, Pasolinik idatzi zuen bezala, kontzeptu bat sentimenduz betetzen du, baina sentimendu bat kontzeptualizatzen laguntzen du ere”.