Frantziako Gobernuak ekainaren 22an aurreikusi du Ipar Euskal Herriko zinema aretoak irekitzea. Finkatutako data kontuan izanda, filmen estreinaldien egutegia berrantolatu dute, eta aretoek osasun-neurri zorrotzak bete beharko dituzte. Besteak beste, edukieraren erdia baimenduko dute, eta eserleku bateko distantzia mantendu beharko da ikus-entzuleen artean.

COVID-19 birusaren eraginez, martxoaren 15ean jakinarazi zuen Emmanuel Macron presidenteak herrialdean dauden 2.000 zinema areto ingururen jarduna etetea. Hiru hilabetez, pandemiaren garapenak hala behartuta, ikus-entzuleek zinemaz ohiko egoitza tradizionaletan gozatu ezin izan ostean, iritsi da askok espero zuten berri ona. Azken zehaztapenak adostea falta bada ere, Paristik kaleratutako Osasun eta Segurtasun Gida jarraituz berrireki ahalko dituzte egoitzak.

Gidak langile eta ikus-entzuleen osasuna babesteko jarraibideak jasotzen ditu. Musukoa erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango aretoetan, baina atarietan zein jende pilaketak sor daitezkeen espazioetan gomendagarria izango da. Edukiera erdia baino ez dute ahalbidetuko, eta pertsonen artean eserleku bat hutsik utzi beharko da. Taldeka (bikotekidearekin, familiakoekin…) joanez gero, elkarrekin esertzeko aukera egongo da, beti ere, talde ezberdinen artean segurtasun-distantzia mantentzeko tartean eserleku bat baldin badago. 

Neurriak kontuan izanda, banatzaileek filmen estreinaldien kronograma bat ezartzeko eta bigarren seihilekorako estrategiak zehazteko moduan daudela adierazi dute. Ekainaren 22tik aurrera, zinema-aretoak itxi aurretik karteldegian zeuden pelikulak programatuko dituzte, eta estreinaldi berriak ekainaren 24rako, uztailaren 1, 8 eta 14rako aurreikusi dituzte. 

Bestalde, Hego Euskal Herrian zinema aretoak maiatzaren 25ean irekitzea aurreikusi zuen Espainiako Gobernuak, baina irekiera ekainaren 26an gauzatuko dutela esan du Donostiako zinema aretoak ustiatzeaz arduratzen den SADE taldeak. Hala ere, badira dagoeneko pausoa eman dutenak: Getxoko autozinema, Iruñeko autozinema berria, Durangoko Zugaza edota Bizkaiko Yelmo etxeko zenbait areto.