COVID-19aren agerpenaren aurrean ezarritako alarma egoeraren ondorioz, bertan behera utzi zituzten martxotik ekainera bitartean programatuta zeuden  22 Mendi Tour hitzorduak. Bi hilabeteren ostean, gaur, ekainaren 5ean, Mallabiako Udaleko Kontzejuzarran berrartuko dute agenda, 18:30ean hasi eta 20:30ak aldera amaituko den saioarekin.

Alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena… ardatz dituzten istorioak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek datozen asteetan. Mendiko zinemagintza da abenduro Bilbon ospatzen den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dituzte urtero luzatzen duten deialdira. Baina, zinema jaialdi ibiltaria bilakatu da, eta Euskal Herriko zein Espainiako estatuko herrietan ere egiten dituzte saioak.

2020ko ziklo ibiltariak 20tik gora geldialdi zituen lotuta martxotik aurrera abiatu behar zuen biran, baina COVID-19 gaitzaren agerpenak programazioa etetera behartu zituen antolatzaileak. Bada, gaur, ekainak 5, ostirala, berrartuko dute plangintza Mallabiako herrian. Kontzejuzarran egingo dutena saio berezia izango da. 18:30ean hasi eta 20:30ak aldera amaituko da. Osasun jarraibideak bete, eta edukiera murriztu eta 25 ikuslerentzat egokituko da aretoa. Sarrera doakoa izango da, eta ateak 18:15ean zabalduko dira.

Ikusleen artean, gonbidatu berezia izango da: Karmele Gisasola. Euskal Herriko harri-jasotze Txapelduna “Harria Herria” film laburreko protagonista da, eta mallabitarra izaki, “ilusio handiz” bertaratuko dela iragarri dute. Horrez gain,
Jabier Baraiazarra Mendi Film eta Mendi Tourreko zuzendaria arituko da aurkezle lanetan,  eta hark emango ditu saioko hiru pelikulei buruzko argibideak.

Ondorengoak dira gaur programatuko dituzten lanak:

  • CHOLITAS (Jaime Murciego eta Pablo Iraburu, 2019)

Aurtengo Mendi Tourreko pelikula izarretako bat da. Iragan abenduan Bilbon, BBK Mendi Film zinemaldiaren 12. edizioan, estreinatu zen mundu mailan, eta harrez gero publikoaren harrera bikaina jaso du. Boliviako emakume indigenak dira protagonista, eta erronka itzela dute helburu: Aconcagua, Ameriketako mendirik garaienera, iristea. Genero eta giza aldarrikapena jartzen ditu lehen lerroan Iruñeako Arena Comunicacion ekoiztetxearen lan bikainak.

  • HARRIA HERRIA (Dimegaz Kultur Elkartea, 2019)

Hau ere euskal ekoizpena da, erritmo biziko film laburra. Gautegiz-Arteagako Andrabide harrobiko hormetan zintzilikatuta dantza bertikala egiten duten emakumeak dira ardatza, Miren Narbaiza kantari dela Oreka Tx-ren erritmora,

Karmele Gisasola harri-jasotzaileak Herria eta Hizkuntza sinbolizatzen dituen harria berdintzen duen bitartean.

  • LA VOZ DE IÑAKI (Pablo Iraburu, 2009)

2009ko pelikula da, Arena Comunicacion taldeak egindakoa ere. Iñaki Ochoa de Olza alpinistaren ahots bidezko oinordetza, hura Annapurnan zendu eta urtebetera argitaratutakoa. Dokumentu aberats eta poetikoa, Iñaki bera bezalakoa.