The Souvenir (2019) -Martin Scorsesek ekoitzi eta Sundanceko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi duen filma- lanaren arrakastak merezi duen oihartzuna eman dio Joanna Hoggi. Prentsak “Zinema britainiar garaikidearen sekretu nabarmenduenetakoa” bezala aurkeztu du, eta Sevillako Zinemaldiak atzera begirakoa eskaini dio azken edizioan. Baina, nor da Joanna Hogg? Zein da 60 urte dituen emakume zinemagile honen ibilbidea? Berlin, Londres, Locarno edo Sundance zinemaldietan lehiatu bada, nolatan ez dugu lehenago bere inguruan entzun? Zergatik ez dira bere filmak pantaila handian estreinatu?

Jakin-min handiz bere filmografia osatzen duten lau filmetara jo, eta hain gustuko izan dudan Hoggen zinema zertzeladetan islatzen saiatuko naiz. Baina nondik hasi?

Esperientzia pertsonaletatik abiatzen den zinema da. Goi-klaseko pertsonaien erretratu piktorikoak eskaintzen ditu beti, eta, emakumeen istorioak nagusiki, bere inguruko kontakizunak. Hori bai, pertsonaien gatazka emozionalak nagusitasun moraletik ihesi, sentimentalismoan erori gabe eta ironia pittin batekin emango ditu ezagutzera.

Unrelated (2007) filmean 40 urte inguruko krisia, bakardadea eta amatasunaren inguruan hausnartuko du; Archpielago (2010) filmak aldiz familia dinamiken eta tabuen inguruko gogoeta dakarkigu; Exhibition-en (2013) bikote batek salmentan jarri berri duen etxearekin duen lotura emozionala aztertuko du; eta, azkenik, The souvenir (2019) filmak,  droga-mendekotasuna eta bikote harreman toxikoak mahaigaineratuko ditu.

Azken honetan, gainera, Hoggek  80 hamarkadara joko du auto fikzio bat eskaintzeko. Garai hartan Britainia Handiko Zinema eta Telebistako Eskola Nazionalean egiten zituen ikasketak, protagonistak bezala, bertan osatu zuen bere begirada zinematografikoa eta bertan ikasi zuen 16mm-tan eta Super8-rekin filmatzen (Derek Jarmanek utzi zion bere lehen kamera). Hartaz, filmean zehar protagonistak zinema eta artearen inguruko eztabaida sakonak izango ditu,  Hoggen zinemak artearen inguruan hausnartzen baitu beti.

Filmari izena ematen dion margolana begira, Jean Honoré Fragonard-en “The Souvenir”.

Julie: She looks sad.

Anthony: I think she looks determined.

Zinea, margolaritza eta nola ez, arkitektura. Istorio bakoitzak espazio zehatz baten inguruan jardungo du. Horrela, bere filmografian Italiara bidaiatuko dugu, Toscanako landetxe ikaragarri batera, eta Cornuallesko irla bateko cottage batera ere joango gara oporretan. Gainera, James Melvin arkitekto britainiarrak diseinatutako etxe deigarrian biziko gara ordu eta erdiz. Gozagarria benetan.

Eta aipagarriena deritzodan hori: Hoggen zinemak fikzioaren eta errealitatearen mugak hausteko duen gaitasuna da. Jean Renoir eredutzat hartuz, antzezlanen bat-batekotasuna txertatzen du filmetan  fikzioaren eta errealitatearen arteko etengabeko tentsioa mantenduz. Horrela, naturaltasunaren bila beti, hainbat izen handiko aktore ezagutzera eman ditu.

Bere lehen film laburrarekin, Caprice (1986), oraindik ezezaguna zen Tilda Swinton aukeztu zuen, eta Unrelated filmarekin Tom Hiddleston ospetsua.  Azken filmean, Ohorezko Swinton Byrneren -Tilda Swintonen alabaren- antzezlana harrigarria da oso. Izango al da ere honakoa ibilbide oparo baten hasiera?

Hoggen zinema aurkikuntza zinema da, azken finean. Egun, FILMINen aurkitu ditzakegu Joanna Hoggen bi film eta Tabakalerak bere atzera begirakoa eskainiko du udan zehar:  Unrelated (Ekainak 27), Archipielago (Uztailak 18), Exhibition (Abuztuak 1) eta The souvenir (Irailak 5).

Joanna Hogg ezagutzeko prest?