Euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzea helburu duen Zinemina kanpaina aurkeztu zuen Zineuskadik maiatza hasieran. “Covid-19 pandemiak behartutako geldialdiaren ondorio latzak” arintzeko asmoz hartutako erabakia izan zen, eta hainbat ekimen martxan jarriko zituztela aurreratu zuten. Bada, Zinemina Talks solasaldiak izango da jarduera horietako bat. Ekainaren 11n egingo dute lehen saioa, eta sektoreko profesionalak elkartuko dituzte solasaldian. 19:00etan finkatu dute hitzordua, Facebook Live bidez.

Aukera izan bezain laster, sektoreko jarduerari indarrez eta ilusioz heltzeko dei egin dute euskal ikus-entzunezkoen industria suspertzea helburu duen Zinemina kanpainaren sustatzaileek, beti ere, kasu bakoitzean aplikatu beharreko osasun-arauak betez. Kanpaina hainbat etapatan banatuta dago, “deseskalatzearen fase guztietan presente egoteko”, eta sare sozialetan burutuko dituzte lehenengo sentsibilizazio ekimenak. Zinemina Talks da horietako bat, ekainaren 11n abiaraziko dutena. 19:00etan Facebook Live plataforman elkartuko dira solasaldiko parte hartzaileak ‘Don´t stop me now’ izenburupean.

Proiektuen berraktibatzeaz eta geldialdiaren ondoren sortu diren aukerez hitz egingo dute Tito Rodríguezek (ICAAko marketing arduraduna), Hebe Tabachnikek (nazioarteko programatzailea), Iván Miñambresek (UNIKO), Celia Ricok (zinegilea) eta Itziar Garcia Zubirik (ARENA). Saioa Aitor Arenas Banatu Filmak ekoiztetxeko kideak gidatuko du.