Lur Olaizolak zuzendutako Xulia (2019) film laburra Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones jaialdian lehiatzen ari da. Bartzelonan egin ohi duten zinema jaialdiak Filmin plataforman ospatu behar izan du 28. edizioa, koronabirusaren krisiak eraginda, antolatzaileek online formatura salto egitea erabaki dutenean. Xulia lana ‘Panorámica en corto’ sailean lehiatzeko hautatu dute, eta hilaren 14ra bitartean egongo da streaming bidez ikusgai.

1993az geroztik, emakumezkoek zuzendutako filmak programatzen ditu Mostra Internacional de Films de Dones jaialdiak. Hori baitu helburua: ikus-entzunezkoen alorrean emakukezko zuzendariek duten garrantzia aldarrikatzea. Hala, aurten ere, egitarau zabala aurkeztu dute antolatzaileek, eta tartean Lur Olaizolak zuzendari donostiarrak sortutako lehen lana, Xulia dokumentala, aurki daiteke film laburren sailean. Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian estreinatu zuen zinegileak bere lana, eta Gijongo Nazioarteko Zinema Jaialdian eman zuten gero.

1985ean, Xulia desintoxikazio zentro batean zegoenean, gertaera batek bere bizitza markatu zuen. Urte batzuk beranduago ‘Futuro imperfecto’ idatzi zuen, liburu bilakatutako memoria ariketa bat. Zerk irauten du zutik? Nola ibili iraganeko aztarnetan zehar? Xulia bidaia bat da. Belaunaldi oso baten memorian barruratzen den bidaia, bada, Olaizolak proposatuko diguna. Heroinak eta HIESak desagertarazi zuen belaunaldiaren memoriara egindako bidaia da, galdutako kontakizun horien berreskurapena, Xulia izeneko protagonistaren eskutik.

Ekainaren 1ean hasi zen Bartzelonan egin ohi duten zinema jaialdia, eta lan guztiak hilaren 14ra bitartean egongo dira ikusgai Filming streaming plataforman.

Jarraian duzue Lur Olaizolari ZINEAn egin genion elkarrizketa: