Donostia Zinemaldiak WIP Europa eta WIP Latam sailetan izena emateko epeak zabaldu ditu. Orain arte Glocal in Progress  eta Zinema Eraikitzen izenarekin ezagutu ditugun programa ordezkatuko dituzte, eta izena emateko epea uztailaren 1ean amaituko da.

Hiru edizioren ostean, Donostia Zinemaldiak agur esan dio Glocal in Progress ekimenari. Horren ordez, WIP (Work In Progress) Europa deialdia zabalduko dute aurrerantzean, sormenaren eta industriaren aldeko apustua handituz. Hala, hizkuntza ez hegemonikoetan filmatzen diren lanak ez ezik, nagusiki Europan ekoitzitako filmak ere izango ditu oinarri. Erregelamenduaren arabera, mantenduko ditu egilearen lehen edo bigarren lana izateari eta hizkuntza ez hegemonikoren batean filmatuta egoteari erreparatzen zioten baldintzak.

Donostia Zinemaldiko Hautaketa Batzordeak Europako sei film aukeratuko ditu, gehienez ere, eta banatzaileei, salmenta-agenteei eta ekoizleei aurkeztuko zaizkie Zinemaldian bertan, nazioartean banatzen laguntze aldera.

Halaber, Donostia Zinemaldiak WIP Latam sailean izena emateko epea ireki du. Zinema Eraikitzen sail aitzindaria ordezkatuko du 68. edizioan, baina helburu bera izango du: Latinoamerikako zinemaren ekoizpena bultzatzea, postprodukzio-fasean dauden filmak amaitzeko.

Aurkeztutako film guztietatik sei aukeratuko ditu Donostia Zinemaldiko Hautaketa Batzordeak. Gutxienez 60 minutuko iraupena izan beharko dute, eta, nagusiki, Latinoamerikako herrialdeetako ekoiztetxeek ekoitzi behar dituzte. Izena emateko epea uztailaren 1ean amaituko da.

Bi ekimenak irailaren 21ean, 22an eta 23an ospatuko dira; IX. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa ospatzearekin batera, eta uztailaren 1era arte luzatuko da lanak bidaltzeko epea.

Sariak

WIP Europa Industria Saria Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido enpresek banatuko dute. Saria film baten postprodukzioan datza, eta bere gain hartuko ditu ingelesez eta gaztelaniaz azpititulatutako DCParen (Digital Cinema Package) sorrera eta Espainiako banaketa.

WIP Latam Industria Saria. Ad Hoc, Deluxe, Dolby, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones, No Problem Sonido eta Sherlock Films (A Contracorriente Films taldekoa) enpresek postprodukziorako laguntzak emango dituzte, ingelesez azpititulatutako DCPa eta Espainian banatzea barne.