Azken hilabeteetan zinemara joateko aukerarik ez, eta filmak etxetik eta ‘a la carta’ ikus ditzakezun plataforma horietako baten bazkide egin naiz. Egia esan ez nuen gehiegi espero, denbora-pasa erraz baten bila nenbilen, baina benetan harritu nau; zineetatik igarotzen ez diren altxor ezkutu ugari topatu ditut.

Aukeren artean kuxkuxean ibili ostean, opera primetan jarri nuen atentzioa. Zinemagile hasiberriek eginiko filmek erabat erakartzen naute. Diotenez, lehen filman jartzen duzu zure arima. Ikasitako guztia erabili nahi duzu, bizitu duzun guztia kontatu eta zure maisuak izan diren obrei omenaldiak egiteko desiratzen zaude. Horrek badu bere arriskua: zinema baino collage itxura duen nahaste-borrastea sortzeko arriskua.

Aurkitu ditudan lanak, ordea, bere sinpletasunean dira onak. Gehien disfrutatu ditudanak emakumeek zuzenduriko coming of age istorioak izan dira: haurtzarotik helduarora igarotzeko une hori islatzen dituzten filmak. Pertsona ‘arruntek’ bizitzen dituzten egoera ‘arruntak’ jasotzen dituzte. Nire lagun batek dioen bezala: bizitza erakusten duten filmak dira. Gustu eta fintasun handiz kontaturiko bizitza uneak dira. Leihotxo batetik begiratzen utzi izanaren sentsazioa ematen dute eta nolabait pribilegiatuak garenaren sentipena uzten dizute.

Lehen filmaren presioa ez da makala, baina ikusitako lanen indarrak zinegile hauen bigarren, hirugarren eta laugarren filmak ikusteko gogoz utzi naute; bizitza une gehiagoren lekuko izateko irrikaz.