Oskar Alegria zuzendariaren ‘Zumiriki’ filmak Karlovy Vary International Film Festival jaialdian parte hartuko du. Uztailaren 3tik 11ra ospatuko da, Txekiar Errepublikan.

Mundu garaikideko zinema jaialdi zaharrenetarikoa urtero, uztaila aldera, Txekiar Errepublikako Karlovy Vary hiriak hartzen duena. Bigarren planoko hainbat edizio ospatu zituen Gerra Hotzaren garaian, Moskuko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren mesederako, baina 1990ko hamarkadan bere erreferentzialtasuna berreskuratu eta, ordutik, Erdialdeko Europako jaialdi arrakastatsuena da.

Egungo osasun krisialdi testuinguruan, ordea, ez dute jaialdia modu seguruan egiteko bermerik, eta iragarri dute 2021eko uztailaren 2tik 10era ospatuko dutela Karlovy Vary International Film Festival ekimenaren 55. edizioa. Antolatzaileak, baina, besoak gurutzatuta gelditu, eta eskaintza alternatibo bat sortu dute uztailaren 3tik 11ra bitartean herrialde osoan proiektatzeko. Hamasei filmeko hautaketa berezi bat egin dute, 2019an zehar nazioarteko onespena lortu duten film esanguratsu batzuekin, eta Txekiar Errepublika osoko ehun zinema-areto baino gehiagotan izango dira ikusgai.

Horien artean izango dira, besteak beste, Luxor (Zeina Durra), Identifying Features (Fernando Valadez) edota Ema (Pablo Larrain). Horiekin batera, Oskar Alegriaren Zumiriki izango da euskal zinemaren ordezkaria. Nafar Pirinioetako basoetan bakartzea erabaki duen gizon baten istorioa kontatzen du lanak, Alegriak berak interpretatua. Naturan barrena, memoriaren bitartez, haurtzarora egindako bidaia poetikoa da, aitak utzitako ondarea berreskuratzea xede duena.

Goriza-Iriberri zonalde hustura itzuliko da sortzailea, Artazu herri ingurua, haurtzaroko oroitzapen kuttunari jarraika. Arga ibaiaren erdikaldera kokatutako irla txikia zen orduan Zumikiri, garaiko jolas eta abentura guztien protagonista. Egun, ordea, desagertu egin da. Ibaiak irentsita-edo, zinemagilearen memorian betetzen du soilik espazioa. Bada, lagunartean sustatutako auzolan baten bidez, 2018ko maiatzetik abuztura bere bizilekua izan zen txabola bat eraiki zuen bertan, zumirikiko zazpi makalak parez pare dituela: Nagusi, Adarra, Txima Luze, Galtzerdi, Lehorra, Seigarrena eta Eskeintza. Hilabete horietan bizitakoa izango da kontakizunaren muina, betiere bere oroitzapeneko hainbat pasarterekin nahastuta.

Veneziako Mostrako Orizzonti sailean estreinatu zen eta Las Nuevas Olas – No_Ficción saileko film onenaren saria irabazi zuen Sevillako Nazioarteko Zine Jaialdian. 2020an, Punto de Vista jaialdiaren inaugurazio ekitaldiko proiekzio nagusia izan zen ere.