Zer dago janzten dugunaren atzean? lelopean abiatu zuten urtarrilean 2020ko euskarazko spot lehiaketa, eta ostegunean (maiatzak 28) egin dute sari-banaketa ekitaldia. Ondo pentsatu spot-a izan da garailea, eta Idoia Lahidalgak, Oihane Puertasek zein Julen Urtxegi egileek mila euroko saria elkarbanatu dute. Aurtengo ekitaldia berezia izan da, alarma egoerak baldintzatu baitu, baina lanerako testuingurua ezohikoa izan den arren, 51 proposamen jaso dituzte antolatzaileek, denak euskarazkoak.
Euskarazko spot-en sorkuntza bultzatzeko helburuz jarri zuten EUSPOT lehiaketa martxan 2011n. Horretarako, antolatzaileek urtero gai desberdin bat proposatzen dute eta lehiakideek, nahi duten estilo, teknika eta baliabideak erabilita, erantzuten diote sormen erronka horri. 9. edizioa ospatu dute aurten, eta erosten dugunaren kontzientzia hartzea, batez ere arroparen kasuan, izan da helburua. Modaren industriaren gurpil zoroa bazterrean utzi eta alternatibak badaudela ikusaraztea.
Ostegunean egin dute aurtengo sari-banaketa ekitaldia eta Idoia Lahidalgak, Oihane Puertasek zein Julen Urtxegik zuzendutako Ondo pentsatu iragarkiak irabazi du sari nagusia. Lanaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna goraipatu ditu epaimahaiak, eta hala jakinarazi du online bidez egin duten ekitaldian. Bestalde, publikoaren saria Beñat Abasoloren eta Markel Bazanbideren Zer dago zuk janzten duzunaren atzean? lanarentzat izan da. 2.600 boto eman dizkiote ikus-entzuleek, eta 500 euro oparitu.
Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarki onena Zuk zuretzat sortu ekoizpena izan da, Lahidalgak eta Puertasek zuzendutakoa, eta 500 euro gehiago eman dizkiote. Gainera, 14-18 urte bitarteko ikasleei zuzendutako BHklip sariak bi aitortza izan ditu: Markatu zure moda (Oihan Loiti) eta Zuretzat merke, beste batzuentzat garesti (Lur Bengoa). 250 eurona jaso dituzte egileek. Musika sinkronizaziorik onena saritzen duen Music Library saria, aldiz, Beste bat? iragarkiak eraman du (Mikel Agirre, Ainhoa Imaz eta Kimetz Bilbao).
Aurkeztutako lan guztiak Euspot.eus webgunean ikus daitezke.