Ext. Raval auzoa. Eguna. 

Nazioarteko ikasle talde bat estreinakoz unibertsitatean batzen da zinea ikasteko. 

2011.urteko udazkenean zinea egiteko grinak elkartu gintuen Bartzelonan. Beti egin nahi izan genuen horri ekiteko unea zen. Urduri bezain gogotsu geuden. Zinea beste begi batzuekin ulertu nahi genuen, edo saiatu, agian. Hiri handi bateko dinamikak ezagutu, bertako sektoreak nola funtzionatzen duen ulertu, jende berriarekin lan egin, ideiak desberdinak izan, istorioak bizi, eztabaidak izan, hitzaldiak entzun, egoera surrealistak bizi, zinegileekin elkarrizketa interesgarriak, bizi… Azken finean, istorioak kontatzeko, bizi ere egin behar dela, esango nuke. Inguruan dagoena aztertu, galderak egin (kanporuntz eta barrruntz…), autore desberdinen zinea ikusi, asko irakurri, hortik zehar galdu, gauzak egiten ausartu, esperimentatu…

Hiri kosmopolita hartan, hamabi lagun batu ginen ‘Zinea eta Telebista Zuzendaritza masterra’ egiteko xedearekin. Jatorriari dagokionez, oso talde anitza eta aberatsa zen. Izan ere, hainbat ingurutako pertsonak batu ginen: Galizia, Katalunia, Venezuela, Txile, Ekuador eta Euskal Herria. Abenturarako prest geunden guztiok. 3,2,1…ekin!

Urtean zehar, hainbat ikus-entzunezko proiektu egin genituen (taldean eta bakarka), baina interesgarrienetako bat denon artean egin genuen 35mm-ko fikziozko film laburra izan zen, zalantza barik. Nola ekoitzi eta zuzendu film labur bat Bartzelonan modu kolektiboan? Hor dago koxka!

Zuzendaritza masterra egiten ari ginenez, gehienek film laburra zuzentzea nahi zuten. Baina, lehenik eta behin, ZER kontatu nahi genuen definitu beharra zegoen. Azken finean, istorio bat kontatzeko ezinbestekoa da jakitea ZER komunikatu nahi den. Gidoia ezinbesteko ardatza da filme bat egiteko orduan. Alfred Hitchcock handiak zioen moduan: “To make a great film you need three things: the script, the script, and the script.”       

Hori dela eta, denon artean kontatu nahi genuen istorio bat definitu genuen: kontuan izanda 35mm-tan rodatu behar genuela (metraje mugatua), egun bakar batean eta lokalizazio bakarrean. Hau da, sortzaileak izanda, baina azpiegitura eta baldintza mugatuekin. Orduan, komedia bat egitea erabaki genuen, lokalizazio bakarrean eta bi aktoreekin. Aste betean idatzi genuen istorioa.

Bigarren pausua,film labur bat idatzi ondoren, aurrekontua izanda, rol banaketa edota ekipoa bilatzea litzateke. Horrela, lehendabiziko batzar baten ostean, lanpostuak banatu genituen, ahobatez erabakitakoak, eta departamentu guztiak lanean hasi ginen paraleloan. Uneoro etangabeko koordinazioa eta komunikazioa geneukan, zuzendaritza eta ekoizpen arduradunon gidaritzapean, denok irla berberera iristeko asmoz. Ekipo bat baikinen.

Orduan, hasi zen benetako abentura. Niri, ekoizpen arduradun rola egokitu zitzaidan eta sekulako erronka izan zen Bartzelonan baimen, azpiegitura eta baldintza egokienak bermatzeko estrategian asmatzea. Hori dela eta, lehenbailehen ekin genion lanari. Gure departamentuan, ekoizpenean, Venezuelako neska batekin aritu nintzen lanean. Zuzendaria, aldiz, Galiziako neska bat zen eta zuzendari laguntzailea Venezuelako neska bat ere bai. Garrantzitsua iruditu zait generoa nabarmentzea, ez delako ohikoena botere postu guztietan emakumeak aurkitzea. Hortaz, hor ere bageneukan erronka eta aukera eder bat.

Bidaiaren lehendabiziko etapan, hainbat batzar egin genituen: ideiak finkatu, hainbat kontu eztabaidatu eta negoziatu, helburuak zehaztu eta estrategia komun bat ezartzeko (produkzio plana). Ezin ahaztu, beti laguntzeko prest hiru profesional handi izan genituela (Ivan Mas ekoizlea, Isaac Bonfill soinu arloko profesionala Tomas Pladevall argazki zuzendari handia eta Jordi Bransuella argazki zuzendaria eta errealizatzailea). Gure itsasargiak izan ziren hainbat olatudun itsaso zabal hartan.

Argi geneukana zera zen: aurreprodukzioa ezinbestekoa dela. Fase hori barik ez dago arrakastarik. Antolakuntza oso garrantzitsua da sorkuntzan. Sarritan, pelikuletan eta pertsonen buruan, sortzaileon oso irudi bohemioa izan ohi dute. Baina, diziplina eta antolakuntza oinarrizkoak dira ikus-entzunezko poriektu batean, faktore eta baliabide askorekin jokatzen baita (pertsonak, teknikoak, ekonomikoak, klimatikoak, artistikoak…). Orduna, komeingarria izaten da aurreprodukzio txukun bat egitea. Egia esan, prozesuaren nire faserik gogokoena da. Ilusio asko izan ohi den sasoia da, dana dago egiteko, antolatzeko, kudeatzeko eta ixteko. Horrek, morbo puntu bat dauka. Kar-kar.

Bartzelonara bueltatuz, aurreprodukzioa oso interesgarria izan zen: Bartzelonako Film Comission-ean baimenak eskatzen, ekipo tekniko guztiaren aurrekontuak negoziatzen, furgoneta bat gidatzea Bartzelonan barna, lokalizazioak bilatzea, ekipo teknikoaren bila joatea, castinga, deiak, aktoreekin entseguak, entsegu teknikoa, eztabaidak, zalantzak, ilusioak, batzarrak, tira-birak, aholkuak, elkarrizketa luzeak…

Bat-batean eguna iritsi zen. Goizeko 5.00etan alarmak jo zuenean, zerbait igarri nuen sabelean. Armosatu, dutxatu, prestatu eta rodaje plan guztiak hartu eta gero oinez abiatu nintzen furgonetaren bila. Goizeko ordu horietan gaupasero batzuekin egin nuen topo, egunkari saltzaileak, okinak, taxiak… Hirietan ez dago atsedenik. Metroa hartu eta Marina auzoko parking batean elkartu ginen ekipoko hiru pertsona. Handik gutxira, gure lokalizazio maitean geunden. Goizeko 7etan 25 gradu zeuden, egun oso beroa zetorren. Han batu ginen denok, lo gutxi eginda baina pozik. Turó de la Roviran rodatu genuen (Carmel auzoaren gainean dagoen miradore batean, bertatik Bartzelona osoa ikusten da). 36 gradu egin zituen maiatzeko egun hartan. Gure mehatxu nagusia denbora zen. Analogikoan, 35mm-tan, rodatzen ari ginenez, oso koreografiatuta eta ikasita eraman genuen guztia, metrajea mugatua baitzen eta eguzkia ere bai.  Hortaz, jo ta su aritu ginen guztia rodatu arte. Zorionez, espero genuena baino 30 minutu lehenago amaitu genuen lana. Pozik eta gure emaitza ikusteko irrikitan.

Baina, hor ez zen amaitu prozesua. Gero, pelikula positibatu eta errebelatzera joan ginen. Azkenik, postprodukzioa etorri zen. Zuzendari askok esan ohi dute pelikulak postprodukzioan egiten direla. Bertan, sekuentziarik onenak aukeratu, irudi kontu batzuk ukitu eta soinua ere apur bat moldatu genuen. Gure lehendabiziko seme-alabatxoa izan zen. Agian askorentzako, nahiko arrunta, besteentzako zatarra, beste batzuentzako desberdina, batzuei gustatuko zaie… Gu geu pozik geratu ginen gure emaitzarekin. Azken finean, gure seme-alabatxoa zen, eta ez gara oso objektiboak, baina kariño espezialarekin gogoratuko dugu bertan bizi eta ikasitako guztia. Berezia izan zen. Pelikularen zatitxo fisiko bat eraman genuen denok etxera. Ai, zeluloidearen xarma!

Oh.: Gure film laburra: https://www.youtube.com/watch?v=QgY7fbtP80M

Oh.1 : Digitala VS. 35mm: https://www.youtube.com/watch?v=LdysgzYMeYA

Oh. 2: Egun 35mm-tan rodatutako pelikula batzuk: https://35mm.es/peliculas-actuales-en-35mm/