Maiatzaren 29tik ekainaren 7ra bitartean egingo duten We Are One: A Global Film Festival ekimenak iragarri du bere egitaraua. Munduko artista, narratzaile eta programatzaile garrantzitsuenak bilduko ditu COVID-19aren pandemia borrokatzen ari diren erakundeei laguntzeko asmoz, eta tartean euskal ekoizpenak izango dira. Izan ere, Donostia Zinemaldiak hiru film programatuko ditu. Urrezko Maskor bat eta euskal kulturari zein gastronomiari buruzko ekoizpen bana: Los pasos dobles (Isaki Lacuesta, 2011), Dantza (Telmo Esnal, 2018) eta Mugaritz BSO (Felipe Ugarte eta Juantxo Sardon, 2011) filmak.

Tribeca Enterprises eta YouTubek elkarrekin iragarri zuten iragan apirilean We Are One: A Global Film Festival ekimena, aurrekaririk ez duen eta esklusiboki YouTube bitartez jarraitu ahal izango den 10 eguneko zinema-jaialdi digitala. 35 herrialdetako 21 zinema-jaialdiren programazioa eskainiko du, tartean Canneseko zinema-jaialdia, Berlingo nazioarteko zinema-jaialdia, Veneziako zinema-jaialdia eta Donostia Zinemaldia. Bada, dagoeneko jakinarazi dute zeintzuk izango diren emango dituzten filmak eta eskainiko dituzten jarduerak.

Guztira,  100 film baino gehiagok osatuko dute We Are One: A Global Film Festival ekimena, tartean munduko 13 estreinaldi, 31 online estreinaldi eta nazioarteko bost online estreinaldi dituela. Horiez gain, elkarrizketak, errealitate birtualeko edukiak zein musika emanaldiak egongo dira: “Hamar eguneko ekitaldi digitala ahots globalen ospakizun bat izango da”. Aldaketak eragiteko ahalmena duten filmak nabarmenduko dituzte eta mundu osoko audientziak bilduko dituen konexio adierazgarriak sortzeko helburua dute antolatzaileek. Kultura ezberdinak irizpide artistikoetatik ezagutzeko aukera emango die ekimenak herritarrei eta parte hartu duen zinema-jaialdi bakoitzaren berezitasunak nabarmenduko ditu.

Donostia Zinemaldiak hiru lan jarriko ditu denon eskura: Urrezko Maskor bat eta euskal kulturari zein gastronomiari buruzko ekoizpen bana. 2011ko ekitaldian errekonozimendurik gorena lortu zuen Los pasos dobles (Isaki Lacuesta) filma, Telmo Esnalen Dantza (2018) pelikula eta Mugaritz BSO (Felipe Ugarte eta Juantxo Sardon, 2011), hurrenez hurren. Donostia Zinemaldiaren zuzendaria den José Luis Rebordinosen hitzetan, hautatutako filmak “garrantzitsuak” dira jaialdiaren gertuko historian. Horrez gain, gaineratu du ekimen erraldoi honi esker “zinemagileek irudi eta soinuekin kontatzen dizkiguten istorio horiek mundu osoko etxe guztietara eta pertsona guztiengana iritsi” daitezkela.

Zinemaldiak programatutako lanak ikusteko datak:

  • Maiatzaren 31 (igandea, 05:00etan): Mugaritz BSO
  • Ekainaren 4a (osteguna, 18:15): Dantza
  • Ekainaren 6a (larunbata, 16:15): Los Pasos dobles

Bestalde, nazioarteko gainerako zinema jaialdi garrantzitsuenen eskaintzan honako ekoizpen hauek nabarmentzen dira: Ricky Powell filmaren online estreinaldia (Natasha Lyonne eta LL Cool J-ekin), Third Eye Blind ekoiztetxearen Motorcycle Drive By pelikularen munduko estreinaldia, edota Questlove DJaren saioa. 360 errealitate birtualeko sailean Emmyrako izendatutako Travelling While Black dokumentala, Bill Skarsgård protagonista duen zientzia-fikzioko Atlas V lanak ere emango dituzte, eta solasaldi ugari egongo dira: Francis Ford Coppola, Steven Soderbergh, Song Kang-ho, Bong Joon-ho, Guillermo del Toro, Jane Campion, Claire Denis, Ang Lee eta Hirokazu Kore-edarekin, besteak betse.

We Are One: A Global Film Festival jaialdia maiatzaren 29tik ekainaren 7ra egingo da YouTube.com/WeAreOne Interneteko helbidean. Informazio guztia eta egitaraua ezagutzeko jo We Are One: A Global Film Festival jaialdiaren webgunera.

 

0