Sara Hernandez Askasibar kideari erreleboa hartuta, ekainetik aurrera Ixone Santamaria gasteiztarra izango da Zinea atariko kritikari berria.  Iratxe Fresneda Delgado euskal zinemagile, gidoilari eta unibertsitateko irakasleak, Jara Ayucar Zineuskadi elkartearen ordezkariak, eta Donostiako Kresala Zineklubeko lantaldeak osatutako epaimahaiak Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa (2019) filmari buruz idatzitako testua saritu du.

Uste baino azkarrago igaro da urtea, eta hamabi hilabetez, astero-astero, gurekin kolaboratzen aritu ostean, Sara Hernandezek datorren astean idatziko du atarirako bere azken kritika. Lan bikaina egin du, euskal filmak, atzerrikoak, klasiko zahar zein garaikideak, eta genero guztietako proposamenak gurera ekarrita. Donostia Zinemaldian ere buru-belarri aritu zen, Irizar Sariko epaimahaikide lanak gure atarian publikatzeko hainbat testuren idazketarekin partekatuz. Oso eskertuta gaude, primerako lankidea izan delako. Ederra izan da zu ezagutzea, Sara!

Baina urtebeteko konpromisoa amaitzear da, eta ekainaren 10etik aurrera Ixone Santamaria izango da atariko kritikari berria.  Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa (2019) filmaren iruzkina aurkeztu zuen VI. Kritika Lehiaketara, eta epaimahaikideek bat egin dute testuaren kalitatea eta argitasuna nabarmentzean.

Honenbestez, eskerrak eman nahi dizkizuegu berriro lehiaketan parte hartu duzuen guztiei, eta espero dugu Uxue Arzelusekin,  Aritz SorzabalekinMikel Zumetarekin, Zigor Etxebesterekin eta Sara Hernandezekin egin bezala, Ixonerekin ere hortxe izango zaretela, asteazkenero zinema-aretotik ekarriko dizkigun proposamen berriak jarraitzen. Badator seigarren denboraldia!