Zuzendaria: Forough Farrokhzad
Urtea: 1963
Herrialdea: Iran
Generoa: Dokumental Esperimentala
Iraupena: 23 min
Edertasunaren bila dabiltzanei, edertasuna da, edertasuna dago. Ez bilatu: da.
Oraingoan Forough Farrokhzad poeta iraniarraren film labur dokumentala gerturatuko dizuet, sarean eskuragarri topatuko duzuen ikus-entzunezko harribitxia: latza eta ederra. Munduko Poesia Kaierak argitaratu berri du euskarara ekarria poetaren lanaren lagina eskaintzen duen alea, eta bestalde, -zko argitaletxeak, olerkariaren poemak osatzeko bi ikus-entzunezko lan proposatu ditu. Horietako bat da gaur ekartzen dudana: ‘Etxea beltza da’.
Etxea beltza da, horrela izena du dokumentalak. Horrela hasi eta horrela amaitzen da, esaldi horrekin berarekin, irakasleak ume legendun bati etxe hitzarekin esaldi bat osatzea eskatzen dionean.
Edertasuna saltzen digute, edertasunaren bila gabiltza, edertasuna da errege munduan… Baina, zer da edertasuna? Ez al dago edertasunik gauza guztietan? Lazgarrienetan ere, akaso, ez al dago edertasunik? Minak ispiluan mina topatzen duenean, islada, kidea, berdina, bat batean, azkenean erantzuna topatzen duen galdera mutuarena bezala. Ez al da ederra, aitortza, ikusiak izatea? Ez al da ederra arbuiatua izateari uztea?
Edertasunak forma asko ditu, atzizki asko, mugikorra da. Farrokhzadek eskaintzen digun lan ezin hobea honek Buñuel edo Browning gogora ekarriko dizkigu. Lan etnografiko ederra da, bazterrekoena, legendunena, isolatuta mantentzen dituen espazioan konfinatuena. Poesia izango da bidai honetan zehar gidatuko gaituena, infernura eramango gaituena, ahantzitakoekin batera. Formarik gabekoak, mutanteak, aurpegirik ez dutenekin, eskurik ez dutenekin, oinik ez dituztenekin, kondenatuekin. Eta bertan gaudela, guztiz biluzturik, gu ere formarik gabe, estutzen gaituzten konbentzio guztiak zentzua galtzen dutenean, aberrazioaren domeinuan, edertasuna loratzen ikusiko dugu. Ia erasokorra balitzaigu bezala, erronkaria, partaide egin nahi gaituen edertasuna.
Zuzendariak jainkoari galdetzen dio, umeek errezatu egiten diote, sendagileak zaintzen dituzte zauriak, gorputz-adar bihurrituak, hatzik gabeko eskuak, sudurrik gabeko aurpegiak, begirik gabeko begi-zuloak. Zergatik? mina besterik ez da ageri. Baina esan bezala bat-batean, kimuak bezala, loratzen dira irribarreak, ispiluan orrazten den emakumea, ezkontzak, dantzak eta panderoa. Irriak entzuten dira infernuan. Agian infernu guztiak berdinak ez direlako, edo, agian, infernua gaizki ulertu dugulako. Nork daki.
Zintak esaten du zatarkeriaren kontra borroka egin behar dugula, ezin dugula beste aldera begiratu, ez ikusiarena egin, munduko laztasuna are eta gogorragoa litzatekeelako. Begiratu diezaiogun errealitateari den bezala, ikusteko gauza bagara, parez pare, edertasuna toki orotan baitago, ustekabekoenetan ere.
Benetan ikusgarria Farrokhzad zuzendariaren lana, oinazeak ederrak direlako batzuetan, eta zaintzen ez diren zauriak ezin dutelako okerrera besterik egin, besteetan. Dokumentala poeta eta sortzaile honen mundura hurbiltzeko aukera paregabea eskaintzen digu, ongi etorriak etxe beltzera, itzali dira argiak. Adi, hastera doa.