Espainiako Gobernuak Alarma Egoera luzatu izanaren eraginez, abian dituen laguntza-deialdien epeak luzatu ditu Zineuskadik. Hala, ekainaren 9an itxiko dute zirkuitu alternatiboetan euskarazko filmen merkataritzako estreinaldiak sustatzeko deialdia, eta ekainaren 12a bitarte egongo da zabalik EAEtik kanpo egiten diren merkatuetan parte hartzeko dirulaguntza.

ZINEUSKADI Elkartearen bidez, euskarazko filmen eskaintza bultzatu nahi da EAEko merkataritzako aretoetan eta zirkuitu alternatiboetan eta, horretarako, laguntza programa bat eratu da; 2020an merkataritza aretoetan eta zirkuitu alternatiboetan (fikzioa, dokumentala eta animazioa) euskaraz bikoiztu edo azpititulatutako estreinaldiak sustatzea helburu duena.

Edozein enpresa, profesional edo ikus-entzunezko sektorearekin lotutako elkarteak aurkeztu daitezke deialdira, ekainaren 9ra bitartean, eta balorazio batzorde bat arduratuko da proposamen bakoitza aztertu eta ebazpena emateaz. Ondorengo irizpideetan oinarrituko dute epaia:

  1. a) Familiako publikoari zuzendutako ekimenak, bereziki haurrak baloratuta: % 60 arte.
  2. b) Produktuaren aurreikus daitekeen merkataritzako inpaktua. Xede horretarako, besteak beste, honako hauek hartuko dira kontuan: dagokion lanak jatorrizko herrialdean eta jaialdietan izandako arrakasta: % 20 arte.
  3. c) DVDaren edo BRaren komertzializazioa, euskaraz edo euskarazko bertsioarekin.: % 20 arte.

Proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazterako orduan,  banatutako kopuruak ezingo du gastuen % 100 gainditu. Horretarako, proposamen bakoitzaren beharren araberako sistema bereizgarria aplikatuko da.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren merkatuetan, azoketan eta ekimen profesionaletan parte hartzeko ikus-entzunezkoen arloko profesionalentzako laguntza-deialdia aurkeztu du ere.

Ekimenak hainbat helburu ditu. Lehenengo eta behin, aipatutako sektoreak nazioartekotzeko eta bere ekoizpen kulturaletarako irtenbide komertzial berriak topatzeko egindako ahalegina bultzatzea; bigarrenik, Euskadiko kultura arloko eragileen eta kanpokoen arteko topaketak eta trukeak sustatzea; eta, hirugarrenik, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) sortu eta ekoitzitako kultura kanpoan hedatzen laguntzea. Hala, laguntza horiek 2020ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean EAEtik kanpo antolatutako ikus-entzunezkoen sektoreko merkatu, azoka edo ekitaldi profesionaletako parte hartzea sustatzeko bideratuko dira.

Banatuko diren zenbatekoak talde edo enpresako ordezkari batek azoketara edo ekitaldietara joateko egin behar diren joan-etorrien, ostatuaren, dieten eta akreditazioaren gastuak ordaintzeko izango dira, edota beren lanak erakusteko standa alokatu eta egokitzeko. Deialdi honetan aurrez ikusitako laguntzetarako guztizko gehieneko 45.000 €-koa izango da, eta bi azpi-deialditan banatuko da:

  1. a) 15.000 € 2020ko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitartean sortutako gastuak estaltzeko.
  2. b) 30.000 € 2020ko maiatzaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldirako.

Kasu honetan,  ekainaren 12a izango da proiektuak aurkezteko epe-muga.