Hitzordua atzeratzea adostu zuten COVID-19 birusaren hedapena zela eta, ondorioz, martxoaren 5etik 15era bitartean ospatzekoa zen Thessaloniki Documentary Festival jaialdia maiatzaren 19tik 28ra arte ari dira egiten. Nazioarteko dokumental onenak biltzen dituen jaialdiko 22.edizioan badira euskal ekoizpenak ere: Oskar Alegriaren Zumiriki (2019) filma Newcomers Competition sailean lehiatuko da, Raul de la Fuente eta Damian Nenowren Another Day of Life (2018), aldiz, animaziozko lanei eskainitako Animated Documentaries atalean.
Gizartea eta kultur jarduerak behin-behinean etenda badaude ere, amore eman ez eta aurrez aurreko zinema jaialdiak egitearen ezintasuna dela eta, bada internetek eskaintzen duen leihoa erabiltzearen aldeko apustua egin duenik. Horien artean, Greziako jaialdirik garrantzitsuena den Thessaloniki Documentary Festival dago. Izan ere, koronabirusaren pandemiaren eraginez, 22. Edizioa online egitea erabaki dute antolatzaileek, eta ondorioz, programatu dituzten 210 film dokumentalak eta solasaldiak streaming bidez emango dituzte. Tartean Zumiriki eta Another Day of Life:
Nafar Pirinioetako basoetan bakartzea erabaki duen gizon baten istorioa kontatzen du Zumiriki lanak, Oskar Alegriak berak interpretatua. Naturan barrena, memoriaren bitartez, haurtzarora egindako bidaia poetikoa da, aitak utzitako ondarea berreskuratzea xede duena. Veneziako Mostrako Orizzonti sailean estreinatu zen eta Las Nuevas Olas – No_Ficción saileko film onenaren saria irabazi du Sevillako Nazioarteko Zine Jaialdian. 2020ko Ikuspuntu jaialdiko ekitaldia inauguratu du ere.
Bestalde, Ryzszard Kapuscinski kazetari poloniar ospetsuak idatzitako izen bereko eleberrian oinarritzen da Kanaki Films etxeak koprodukzioan garatutako Another Day of Life lana, eta Kapuscinski beraren irudi biziduna da filmaren protagonista. 1975ean Angolara bidaiatuko du, eta mundu eragina duen gerra ahaztu batean borrokan topatuko ditu bertako gazteak. Ezagutuko duen panoramak bizitzarekiko duen ikuspegia aldatuko dio betiko. Ikusitakoak ikusita, konturatuko da ez duela nahikoa kazetari lanarekin, eta bere jarduna birplanteatuko du. Kazetariak Angolan emandako hiru hilabeteen kontakizun gordina egingo du ikus-entzunezkoak.