Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE), Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadarekin, EHUren Udako Ikastaroen 2020ko programan parte hartuko dute, Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak: historia, kultura eta politika proposamenarekin. Ikastaroa irailaren 1etik 3ra artean egingo da.

Ikastaroak zinema-jaialdiei buruzko ikerketarako bidea proposatzen du, iraganaren, orainaren eta geroaren arteko elkarrizketak ezarrita. Hitzaldiek nazioarteko zinema-jaialdien historia aztertuko dute, eta aldaketa sozial eta politiko garaikideekin duten lotura, eta mahai-inguruetan, aldiz, zinema-jaialdion orainari eta etorkizunari buruzko eztabaidarentzako lekua egongo da.

Pablo La Parra Perez, EQZEko ikerketa saileko arduraduna eta Zinemaldia 70. Historia posible guztiak proiektuaren ikertzaile nagusia, izango da ikastaroaren arduradun eta gidari. Bere hitzaldian, La Parrak 68 luzearen hausturak izango ditu hizpide, eta, bereziki, Donostia Zinemaldia Trantsizioan izango da aztergai: Zinemaldiaren 68 berantiarra.

Horrela, Ikastaroak zinema-jaialdiei buruzko ikerketarako bidea proposatuko du, iraganaren, orainaren eta geroaren arteko elkarrizketak ezarrita. Hitzaldiek nazioarteko zinema-jaialdien historia aztertuko dute, eta aldaketa sozial eta politiko garaikideekin duten lotura. Mahai-inguruetan, aldiz, zinema-jaialdion orainari eta etorkizunari buruzko eztabaidarentzako lekua egongo da.

Halaber, Caroline Moine ikertzaileak (Versailles Saint-Quentin-en-Yvelines Unibertsitatea) Zinema eta Gerra Hotza eta Zinema-jaialdien jaiotza Alemania zatitu batean izango ditu hizpide, eta Aida Vallejok (UPV/EHU), aldiz, Zinema-jaialdien ugaritzea maila globalean eta “emanaldi eredu espezializaturako” joera landuko ditu, zinema dokumentaleko jaialdietan arreta jarrita.

Zinema-jaialdiei buruzko ikerketa kritiko eta konparatua hiru mahai-ingururekin osatuko da. Paz Lázaro, Berlinaleko hautapen-batzordeko programatzailea, eta Marta Selva, Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones jaialdiaren zuzendaria, feminismoaz eta jaialdietako genero-arrakalaz ariko dira; Charlotte Serrandek Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldiko hautesleak eta Víctor Iriartek Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen programaren arduradunak zinema-jaialdien XXI. mendeko programazio-erronkak aztertuko dituzte; eta Alejandro Díaz Castañok (FICX Gijón), Vanesa Fernández Guerrak (ZINEBI) eta José Luis Rebordinosek (Donostia Zinemaldia) estatu espainiarreko zinema-jaialdien erronkak eta ikuspegiak izango dituzte hizpide.

Ikastaroa irailaren 1etik 3ra artean egingo da. Matrikula doan izango da EQZEko ikasleentzat eta Zinemaldiko langileentzat, eta EQZEko ikasle ohiek prezio murriztua ordainduko dute. Gainerakoak Udako Ikastaroen politika orokorraren mende egongo dira.

Izena emateko, UPV/EHUren Udako Ikastaroen webgunea erabili behar da (www.uik.eus), eta antolatzaileek gogorarazi dute plaza kopurua mugatua dela.