Korsikako Allindi enpresak proiektu deialdi bat sortu du, hiru ikus-entzunezko haien laguntzarekin garatzeko. Euskaraz ere izan daitezke, eta uztailaren 15a baino lehenago aurkeztu beharko dira.

Enpresa deitzaileak zabaldutako oharrean azaltzen du bizi dugun testuinguru berezi honetan inoiz baino premiazkoagoa dela sorkuntza sostengatu eta kontakizun berrien sorrerari eustea. Gure bizi modeloen inguruko hausnarketa egin, eta denborarekiko, espazioarekiko, beste gizakiekiko, teknologia berriekiko ditugun pertzepzio eta harremanak auzitan jarri eta aztertzea.

Bada, ikus-entzunezkoa hautatu dute horretarako tresna, eta proiektu deialdi zabala antolatu dute. Hiru proiektu babestuko dituzte, ondorengo baldintzen barruan:

  • Edozein generotako proposamenak izan daitezke (komedia, drama, ekintza, zientzia fikzioa…)
  • Fikzio, animazio edota dokumental formatukoak
  • Edozein iraupenekoak
  • Hizkuntza gutxituetan errodaturiko proiektuak lehenetsi dituzte (korsikera, bretoiera, euskara…), baina ez dute mugarik ipini.

Jasotzen dituzten lanak aztertu, eta hiru aukeratuko dituzte. Laguntza ekonomiko eta praktikoa eskainiko diete proiektu horiei, eta idazleak ere ordainsari ekonomikoa jasoko du. Testuak uztailaren 15era bitartean jasoko dituzte,  studio@allindi.com mail helbidean.