Zer dago janzten dugunaren atzean? lelopean abiatu zuten urtarrilean 2020ko euskarazko spot lehiaketa. Alarma egoerak eraginda lanerako testuingurua ezohikoa izan den arren, eta lan kopuru handia jaso dute antolatzaileek. Maiatzaren 28an, osteguna, egingo da sari banaketa ekitaldia.
Euskarazko spot-en sorkuntza bultzatzeko helburuz jarri zuten ekimena martxan 2011n. Horretarako, antolatzaileek urtero gai desberdin bat proposatzen dute eta lehiakideek, nahi duten estilo, teknika eta baliabideak erabilita, erantzuten diote sormen erronka horri. 9. edizioa ospatuko dute aurten, eta erosten dugunaren kontzientzia hartzea, batez ere arroparen kasuan, izan da aurtengo helburua. Modaren industriaren gurpil zoroa bazterrean utzi eta alternatibak badaudela ikusaraztea.
Izan ere, Gizarte globalizatu honetan, modaren industriak markatzen digu zer jantzi eta, batez ere, zer erosi. Urtero tendentzia berriak ezartzen dizkigute, eta horiek jarraitzeko gehiegizko kontsumismora bultzatzen gaituzte: erabili eta botatzeko arropa merkea erostera gehienetan. Horrek dakartzan ondorioei erreparatu gabe: lan esplotazioa, produktu toxikoen erabilera, osasun arazoak, besteak beste. Bada, moda azkarraren industriak eragiten dituen ondori txarrak azaleratu asmoz, kontzientziazio kanpaina baterako spota galdegin dute 2020ko deialdian antolatzaileek.
Biztanleria osoari zuzendutako spotak sortzera dei egin zituzten balizko parte-hartzaileak, 20-30 segundu bitarteko piezatxoak, telebista bitartez edo sare sozialetan zabaltzeko aproposak. Lanek euskarazko lokuzioa izan behar zuten ezinbestean, eta, erabiltzekotan, lizentzia libreko musika erabili.
Maiatzaren 13an finkatu zuten lanok bidaltzek epe-muga, eta alarma egoerak eraginda lanerako testuingurua ezohikoa izan den arren, emaitzarekin pozik azaldu dira antolatzaileak. Guztira 51 lan aurkeztu dira, Euskal Herriko leku askotatik jasota: Gasteiz, Irun, Eskoriatza, Durango, Tolosa, Berriozar, Azkoitia, Ordizia Ibarra, Hernani, , Getxo, Bilbo, Aretxabaleta, Eibar, Txantrea, Zizurkil, Gueñes…
Maiatzaren 18ra arte publikoaren saria erabakitzeko botoak emateko garaia izan da (500 euro), eta maiatzaren 28an, osteguna, egingo da sari banaketa ekitaldia. Orduan ezagutaraziko da 1.000 euroko ordainsaria eskuratuko duen spotik onena.