Euskadi Movie AIE ekoiztetxe bilbotarraren Strange Fishing Sundays proiektua Creative Europe MEDIAren Development of Audiovisual Content – Single Project 2020 programarako hautatu dute. Proiektua garatu ahal izateko 50.000 euroko diru-laguntza jasoko dute sortzaileek.

Garapenerako EACEA deialdiaren lehenengo epemugako emaitzak argitaratu ditu Creative Europe MEDIAk, eta aurkeztutako 278 eskaeren artean 26 herrialdetako 64 proposamen aukeratu dituzte: animaziozko 9 lan, 17 dokumental eta fikziozko 38 ekoizpen. Tartean, Euskadi Movie AIE talde bilbotarraren Strange Fishing Sundays proiektua dago. Aurretik, 2018an, Cannesko zinema jaialdiaren baitan egin ohi duten Cannes In Development foroan ere parte hartu zuen.

Hautatutako ekoizpenek MEDIAren laguntza ekonomikoa jasoko dute, eta guztira 2.705.000 euroko aurrekontutik 50.000 euro emango dizkiote batez beste sorkuntza bakoitzari. Europar Batasunean zein kanpo zirkulatzeko ahalmena duten ikus-entzunezko lanak egiteko gaitasuna handitzea du egitasmoak helburu.