Zuzendaria: Jacques Doillon

Urtea: 2013

Herrialdea: Frantzia

 

Ellek (Sara Forestier) eta Luik (James Thiérrée) haien momentua izan zuten. Aspaldi, ez dakigu ongi noiz izan zen, baina dirudienez pasa zen, ez zen gertatu beharrekoa gertatu. Zer da, baina, gertatu beharreko hori? Dirudienez elkar oheratu behar izan zuten eta ez zuten egin, hortaz haien momentua pasa da, bizitzak aurrera egin du, bakoitzak bere bidea.

Doillonek lan ikaragarri ona egin du oraingoan aurkezten dizuedan zintan: kamera mugimenduak, planoak, argazkia, aktore zuzendaritza, dinamismoa bere horretan, naturaltasun guztiaz jantzita, edo biluztua hobe esanda. Badakit, kamera eskutan eta aktoreak jarraiki dabiltzan zuzendarien estiloa maite ez duenik badagoela, baina, kasu honetan, dantzaldia nolakoa den ezin asmatu, gozagarria, aztoragarria, nahasgarria, giltza greko-erromatarra.

Elle eta Lui. Interesgarria ere haien izenak frantsesez hirugarren pertsonaren singularraren forma maskulinoa eta femeninoa izatea, alegorikoa, estrapolagarria suposatzen dut, guztiok batu nahi bagintu bezala borroka, gatazka, lehia saio hauetan. Baina itzuliko naiz protagonistenera; gertakari batek zartatuko du bietako baten bizitza, pertsona zauritua da guztiok bezala, gure ubeldura, orban eta arrakalekin, azken gertakariak agian ozta-ozta elkarrekin mantentzen zuen osotasun hori benetan arrakalatzea lortu du. Gertakariak biak batuko ditu eta haien harremanaren nolakotasuna eztabaida gai bilakatuko du. Eztabaida, frantsesek aski ongi maneiatzen duten erretorika luze eta momentu batzuetan Freudiarretan nahastuko dira, nahia, desira, grina arnastuko da giroan, zauriak ere, bienak, arropen azpian ezkutaturik, baina haien hitzetan agerikoak, metafora eta elkar kexen hartu emanean.

Zauriak gainditzeko ekintza da hoberena. Ekintza mota asko dago, hori egia da, baina borrokak, kasu honetan, arerio ikusezinaren kontra jarduteko aukera emango die biei, bakoitzak haien mamuak gaindi ditzan norgehiagoka ikusgarrian. Eskua gerri ingurutik pasa eta bortizki heldu batak, besteak hanka luzatu eta bestearena inguratu, biak lurrera. Batak bestea iletik tira, kamiseta erantzi, belarrira hitz gogorrak xuxurlatu, belaunarekin kolpea hanka-tartean, oihu bat, altxatu, besteak orkatilatik eutsi eta lurrera bota. Altxa, alfonbrarekin kiribildu, eta ahoa ahoaren parean kokatu, arnas estuak konpasatzen diren bitartean erritual inuit batean bezala, hatsa ahoz aho.

Norgehiagoka honetan ez dira bata bestearen kontra lehiatzen soilik, bere burua ere gainditu nahi dute, haien minak, haserreak, oinazeak, guztiak daude bestean gorpuztuak, ez dakigu noren kontra ari diren aldiro, baina ez da bakarrik lehia, badago maitasunarentzako parada, desirarako, lotsarako. Jolasa dena hasieran, gerra bat bilakatzen da, beharra ondoren, mina momentu batzuetan, hutsa besteetan, eta berriz jolasa, eta berriz arnasa eta berriz zaplaztekoa, kolpea, zartakoa, lokatzetan animaliak bezala iraulka, iraultza honetan, maite zaitut, nik ere ez.

Zuzendariak zintan lan ezin hobea egingo du, aktoreak haien gorputzak elkargurutzatzen dituzten bitartean hauekin batera bihurritu gaitezen, nahasmen horretan, indarra, gogoa, nekea, zertan gaude? Eta lurrera, eta orain argirik gabe. Bio dantza edo gorputzaren komunikazio fisikoaren edertasuna azalduko digu, isiltasunen indarra, esangura, eta gorputzarena, arnasarena, oihuarena, antzinakoena, oinarrizkoena, negarra, laztana, laguntza, esku ahurrak, magala eta zaplazteko bat.

Ez dut bikote arteko gatazka eta borroken apologia egingo ezta gutxiagorik ere, filmak ez duelako halakorik erakutsi nahi. Zintan gure borroken zergatia eta gaitasun katartikoaren inguruan jardungo baita zuzendaria, metaforikoki, diskurtsiboki eta fisikoki, oso fisikoki.

Benetan film interesgarria dugu, aktore lan apartarekin, elementu oso gutxirekin benetako introspekziora eramango gaituena. Besarkadak gozagarriak izan daitezke; estutzen den indarraren araberakoa izan daiteke ere gozamena, itogarriak izan daitezke ere. Eta muxuak, zaplazteko baten ondorengoak nolako zaporea dute, eta malkoak dituzunean ezpainetan?

Bikote honen gorputz-adar, jipoi diskurtsibo eta altzarien artean gal gaitezen gomendatzen dizuet, ariketak merezi du eta, alaituko gara batez ere, gorritu akaso, gozatu, ariketa nioen, hala delako filma ikustea, ariketa ederra, soinketa emozionala.