Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren XVI. edizioa 2020ko irailaren 22, 23 eta 24an egingo dute, Donostiako 68. Zinemaldiaren esparruan. Uztailaren 10a da proiektuak aurkezteko epe-muga.
Dokumental bat aurkeztu nahi duten, eta harentzako Europako koprodukzioaren bila dabiltzan produktore independenteei dago zuzenduta deialdia. Foroa elkargunea izango da, sektorean diharduten profesionalentzako topagunea. Proiektu dokumentalen finantzatzaile izan daitezkeenak eta zinematografiaren sektoreko aditu zein profesionalak ezagutzera emateko plaza, hain zuzen ere.
Inskribatutako proiektu guztietatik hamalau hautatuko dira finantzatzaile potentzialei eta ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko adituei aurkezteko, Pitching aurkezpenak egiteko, tailerretan parte hartzeko eta mundu osoko ekoizleekin banakako bilerak egiteko. Tailerretan, hain zuzen, pitching aurkezpenak nola egin ikasiko dute parte hartzaileek, bi egun geroago izango duten aurkezpenera prest iristeko. Bertan, euren proiektua ezagutaraziko diete industriako profesional eta produktoreei, eta haiek gustuko badituzte, beren babesa emango diete.
Gainera, IBAIA saria lortzeko aukera izango dute (3.000 euro ekoizlearentzat). Commissioning Editors panelak egingo ditu epai-lanak, eta panelak berak aukeratuko du proiektu irabazlea, aurkezpena, originaltasuna, tratamendua eta zabalkunde-indarra balioetsita.
Uztailaren 10era arte izango dute aukera parte hartu nahi duten dokumental-ekoizleek beren proiektuak inskribatzeko. Inskripzioa foroaren webgunearen bitartez egin beharko dute, eta uztaila amaieran emango da hautatuen berri.
Deialdiari eta inskripzio-prozesuari buruzko informazio guztia, hemen.