Euskadi Irratian Maite Artola kazetariak Ziortza Linaresi egindako elkarrizketa abiapuntu hartuta, Koldo Almandoz eta Maria Elorza zinegileek Quebrantos film laburra sortu dute. Indarkeria matxista jasan duen emakumearen testigantza gogorra “zeharkako irudiz” jantzi dute Txintxua Films taldearen ekoizpena den lan hoentan.

2017ko azaroaren 24an elkarrizketatu zuen Faktoria saioan Artolak lehen aldiz Linares, bere senar ohiarengandik tratu txarrak jasotako emakumea, eta honen aitortzak zeharo hunkitu zuen Almandoz. Elorzarekin harremanetan jarri eta film labur bat prestatzea erabaki zuten: “Gai gogorra da, trauma batetik pasatu den pertsona batena, eta uste genuen beharrezkoa zela haren istorioa kontatzea, baina uste baino askoz ere denbora gehiago behar izan dugu tonuarekin topo egiteko”, adierazi dio Oreina (2018) filmaren zuzendariak Noticias de Gipuzkoa egunkariari.

Erakundeek ezarritako babes-neurrien eta teknologiaren erabileraren inguruan Linaresek irratiko elkarrizketan egindako adierazpenak izan ziren zinegileak gehien harritu zituena, eta horiei indarrik kendu gabe irudiak txertatzea otu zitzaien, “bi geruza” planteatuz: “Youtubetik edaten dute, egunerokotasunetik edaten dute, maitasunaren iruditeriatik ere bai… oso irudi anitzak dira, bai kalitate baxuan internetetik hartutakoak, bai propio lan honetarako sortuak”, esan dio Elorzak EiTB taldeari.

Hala, bi urtez proiektuan murgilduta egon ostean, emaitzarekin oso pozik daudela aitortu dute zinegileek, eta Quebrantos zazpi minutuko film laburra non eta nola estreinatu erabaki zain daude. Izena ere, koronabirusaren krisiak bete-betean harrapatu ditu, eta lana zinema jaialdien zirkuituan mugitzea aurreikusita bazuten ere, momentuz ezin dute aurkezpenik egin.

0